Artzain Egunak gazta, bildotsa eta txakolina ekarri ditu Oñatira

Goiatz Arana Begiristain 2013ko martxoaren 2a

Giro onean joan da Debagoieneko Artzainen II. Eguna. Oñatiko Foruen plazan egin da, goizean zehar. Gazta mokaduak, bildots erre usaina eta txakolin tragoak izan ditu osagai nagusi, eta eguraldi ezin hobea lagun. Hitzorduak mugimendua sortu du txantxikuen herrian eta gutxi izan dira gutizia txiki horiei muzin egin dietenak.

Oñatira heltzea eta bildots erre usaina hartzea, biak bat, izan dira. Izan ere, gure artzainek ekoizten dituzten produktuak ezagutzera emateko helburuarekin, gaztak dastatzeko eman eta saldu ez ezik, Debagoieneko bildotsak burruntzian erre eta pintxotan eman dituzte. Usain ezin hobea zerien eta makina bat jende ikusi dugu pintxoa jaten, eta txakolina edaten; Getariako Txakolinaren jatorri izendapena duten Arrasateko Otxia eta Oñatiko Upain txakolinak.

Bailarako gaztak aukeran

Gazta izan da eguneko beste protagonista eta, kasu honetan ere, bailarako artzainek Idiazabal jatorriko ardi latxaren esne gordinez nahiz ardi latxaren esne ekologikoarekin egindako gaztak izan dira aukeran, zaharrak eta berriak; eta kasu batzuetan, baita ahuntz eta behi gaztak ere.

Erosi aurretik probatzeko aukera izan dute salmenta puntuetara gerturatutako herritar eta bisitariek eta, hartara, erosi aurretik gehien gustatzen zaiena zein den jakiteko modua izan dute. Saltzaileak pozik agertu dira, salmentak nola zihoazen ikusirik, nahiz eta jendeak gazta osoa baino gehiago erdia edo laurdena erosten zuela kontatu diguten. Erosleek zaporea hartzen dute aintzat gehienbat, bat edo beste aukeratu erabakitzerako orduan, baina asko eta askok bertako produktua izatea baloratzen dute gehien.

Artzain batzuek, gainera, gatzatua egin dute lehen orduan, eta harrera ona izan du horrek ere.

Kroxeters taldekoen lana

Bien bitartean, Foruen plaza erdian, mahai baten bueltan, lanean jardun dute Kroxeters taldeko hainbat lagunek. Gantxilloa, artilea eta orratzak hartuta, hainbat pieza osatu dituzte, eta plaza alboko zuhaitzak apaindu dituzte gero horiekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak