Natur eskolak deituta, 10. zuhaitz azoka egingo dute bihar, zapatua, goizean Foruen plazan. Eta domekan, zuhaitz landaketa egingo dute, Kasablankako bidegorrian. Martxoan baina, bigarren zuhaitz landaketa bat ere egongo da, Aloñan hain zuzen ere, Aloñako Lagunak taldeak deituta. Martxoaren 17an izango da hori.
Zortzi mintegi
Biharko zuhaitz azokan zuhaitz landareak eta apaindurazkoak ekarriko dituzten zortzi mintegi etorriko dira. Pasaiatik, Zumaiatik edo Tafallatik etorriko dira, adibidez. Tartean egongo da Ana Idigoras oñatiarra ere. Zuhaitz azoka Foruen plazan egingo da, Artzain egunarekin batera. Horrela, plazako gune bat azokak hartuko du eta beste zati bat Mankomunitateak antolatutako II. Artzain egunak. 09:00etatik 14:30era izango dira biak ere.
Fruta arbola eta lizarrak
Bestalde, domeka goizean egingo dute Natur eskolak deitutako zuhaitz landaketa. 120 zuhaitz landatuko dituzte Kasablankatik Ulmara bitartean egin duten bidegorrian. Horietatik 50, basoko fruta-arbolak izango dira (gereziondoak, sagarrondoak eta madariondoak tartean). Zumarrak eta haritzak ere landatuko dituzte. 10:00etan elkartuko dira Foruen plazan.
Aloñako Lagunak antolatutako zuhaitz landaketa, berriz, martxoaren 17an izango da. Joan gura duenak Patrue kaleko Fernando Maiztegi komertzioan eman dezake izena.