197/2006 doktrinaren aurrean, mobilizatzeko deia egin dute Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko otsailaren 27a

197/2006 doktrina edo ezagunagoa den Parot doktrina bertan behera uzteko eskatu zuten atzo Oñatin. Xabin Usandizaga oñatiar presoari doktrina hori aplikatu zaio eta Oñatiko Herrirak eskaini zuen prentsaurrekoan izan zirenek esan zuten ezin dutela hori onartu. Deia luzatu zuten martxoaren 16an Jaenera egingo den martxan parte hartzeko eta martxoaren 20an herrian egingo den manifestaldian parte hartzeko.

Beste euskal herritar batzuekin batera, Oñatiko Xabin Usandizagari 197/2006 doktrina, edo ezagunagoa den Parot doktrina, aplikatu zaio. Horren aurrean eta mobilizatzeko deia eginaz, atzo Oñatin prentsaurrekoa egin zuten.

Bertan Mikel Biain Oñatiko alkateak azaldu zuen 83 euskal preso politikori ezarri zaiela doktrina eta gaur egun 67 direla doktrina aplikatuta kartzelan dauden presoak. "Ez dugu onartzen. Ezin dugu onartu. Euskal presoen aurkako neurriak gogortzera bideraturik dauden erabaki hauen xede bakarra euskal presoen aurka bizi arteko zigorra aplikatzea da" esan zuen Biainek.

Gaineratu zuten Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak Ines Del Rio euskal presoaren kasuan oinarrituta, 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuela 2012ko uztailean. Eta Oñatin elkartutakoek eskatu zuten doktrina hori bertan behera uzteko eta doktrina aplikatu zaien euskal preso politiko guztiak berehalakoan aske uzteko. Horrez gain, eskatu zuten baita ere euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko.

Deia herritarrei

Amaitzeko, bi dei luzatu zieten herritarrei. Xabin Usandizaga oñatiarrari elkartasuna adierazteko martxoaren 16an Jaenera egingo den martxan parte hartzeko eta martxoaren 20an 197/2006 doktrinaren aurka Oñatin egingo den manifestazioan parte hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak