Zer moduz zaude?
Ondo. Animatuta eta aurrera egiteko gogo handiarekin.
Eskuin eskuko hatz potoloan antzeman zenituen lehen sintomak.
Irailean, siestatik jaiki eta hatz potoloa lokartuta nuela ikusi nuen, baina ez nion garrantzirik eman. Hurrengo egunean, potoloaren ondoko hatzean sintoma berbera nuen, eta handik egun batzuetara, ukalondoraino. Orduan arduratu egin nintzen. Fisioterapeutarengana joatea erabaki nuen, hankazpiak lokartuta antzeman nituenean. Tratamendua egin nuen, baina emaitza barik. Ondoren, osteopatarengana joan nintzen, emaitza berberarekin.
Hanketako muskulu bikietan sintomak antzeman nituenean, familia-medikuarengana joan nintzen, eta hark neurologoarengana bidali ninduen.
Eta orduan heldu zen diagnostikoa.
Bai. Hainbat proba egin zizkidan; besteak beste, hiru erresonantzia magnetiko. Horietako baten esklerosi anizkoitzaren arrastoak ikusi zituzten. Diagnostikoa egin aurretik, buruko erresonantzia egin, eta diagnostikoa konfirmatu zidaten. Dagoeneko hasi naiz medikazioarekin.
Eta nola erreakzionatu zenuen?
Ondo. Lasai. Neurologoa ere harrituta geratu zen nire erreakzioa ikusita. Gurasoei, neskalagunari eta lagun batzuei kontatu nien. Orain arte egindako bidaian, hori izan da une gogorrena: etxekoei eta lagunei gaixotasunaren berri ematea.
Nola erreakzionatu zuten haiek?
Kezkatu egin ziren, batez ere ama. Dena den, nire aurrean, ez dugu gaiaren gainean berbarik egiten. Aurpegi ona ipintzen dute [Barre].
Natra Oñatiko taldekieendako gogorra izan zen zure diagnostikoa.
Eurek bazekiten arazo fisikoak nituela, eta arduratuta zeuden. Diagnostikoa jaso eta 15 egunera elkartu nintzen eurekin, entrenamendu baten bukaeran. Zer nuen kontatu, eta saskibaloian jokatzen jarraituko nuela esan nien, animatzeko.
Ez duzu kirola utziko, hortaz. Lagungarria izango zaizu?
Diagnostikoa jaso nuenean, kirola egiten jarraitu ahal izango nuen galdetu nion neurologoari. Baietz erantzun zidan. 16 urte nituenetik daramat saskibaloian, eta kantxan jarraitu gura dut. Egia da eskuineko eskuarekin arazoak ditudala baloia hartzeko orduan. Gainera, askoz nekatuago sentitzen naiz. Berdin du hiru orduko entrenamendua egin edo ohetik jaiki berri egon. Nekea da esklerosi anizkoitzaren beste sintometako bat.
Egun, ondo zaudela diozu. Baina nola eragin diezazuke esklerosi anizkoitzak?
Esklerosi anizkoitz guztiak ezberdinak dira. Ez daude bi berdinak. Hori horrela, eraginak askotarikoak izan daitezke. Noizbehinka agerraldia izango dut, eta, duten agresibitatearen arabera, eragina handiagoa edo txikiagoa izango da. Akaso, muletekin egongo naiz urte batzuk barru, edo sintomak eramangarriak izango dira. Gaixotasunak modu ezberdinean eragin dien bi pertsona ezagutzen ditut. Oraingoz, lasai nago. Egunerokoaz disfrutatzen dut, etorkizunera begiratu barik. Orain arte egin izan dudana egiten jarraituko dut, gaixotasunak gogor astintzen ez nauen arte.
Ademgi elkarteko kide zara.
Eurengana jo nuen diagnostikoa jaso nuenean. Aholkularitza bila joan nintzen: zer medikurekin egon, elikaduraren gainean galdetu, zalantzak argitu... Eta hara heldu nintzenean konturatu nintzen errekurtso gutxi dituen elkartea dela. Ademgiri laguntzeko proposamena egin nien saskibaloi sailekoei, eta hortik dator biharko hitzaldiarena eta partiduarena: dirua batu eta gaixotasuna ezagutzera ematea.