Gitarra eskuan duela etorriko da Anje Duhalde gaur gaztelekura. 22:30ean hasiko da kontzertua, eta sarrerak sei euro balioko du. Korrikaren alde Oñatin antolatu diren ekitaldietako bat izango da iparraldeko kantariaren kontzertu hau. Arratsaldean helduko da Anje Duhalde Oñatira, iluntze partean soinu frogak egiteko gaztelekuko soinu tekniariarekin batera. Gaurko kontzertuan Korrika batzordeko kideak egongo dira gaztelekuko tabernan lanean, eta ateratako etekina Korrikarako izango da.
Doke antzerki taldea
Anje Duhalderen kontzertuaz gain, baina, Korrikaren barruan antolatu den beste hitzordu bat ere badago Oñatin asteburu honetan. Domekan, hain zuzen, Arrasateko Doke antzerki taldeak bere azken antzezlana eskeiniko baitu Santa Anan, 19:30ean.
Joan den urteko ekainaren 1ean estreinatu zuten Doke antzerki taldeko kideek Oñatira ekarriko duten antzezlan hori: Paradisuko atean. Heriotzaren gaia jorratzen du antzezlanak eta komedia eta drama nahasten ditu. Antzezlana tanatorio batean kokatzen da eta hildako bat dago. Tanatoriora hildakoaren lagun eta familiartekoak gerturatuko dira eta hildakoak guztia ikusi eta entzungo du. Josemari Velez de Mendizabalek idatzitako antzezlana da.
Martxoak 16
Martxoaren 14an hasiko da Korrika 18 Andoianen eta 24an iritsiko da Baionara. Bide horretan Oñatitik ere igaroko da, martxoaren 21ean hain zuzen, 04:00etan. Eta Oñatiko Korrika batzordeak lanean jarraitzen du euskararen aldeko jai horren alde.
Martxoaren 16rako, Korrika asteburua antolatu dute. Goizean hasi eta bazkal ordura arte, Oñatz dantza taldekoek Korrikaren aurkezpena egingo dute Foruen plazan, txarangarekin herri poteoa egongo da eta Korrikaren materiala ere egongo da salgai. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute, berdura azokan. Oraindik zehazteke dago bazkariaren prezioa baina laster jarriko dituzte txartelak salgai. Bazkal ostean, bertsolariak egongo dira. Arratsaldean, herri kirolak eta gauean, kontzertuak. Martxoaren 20an, berriz, Korrika txikia egingo dute herriko umeek.