Gaztelekuan herri batzarra egingo dute bihar, zapatua, goizean hainbat gai eztabaidatu eta zehazteko. Gai horien artean daude, esaterako, gaztelekuak izango duen izena erabakitzea, bertan egingo dituzten ekintzak koordinatzea edota tabernaren kudeaketa definitzea. 11:00tan hasiko da batzarra, eta herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.
Izen berria
Joan den urtean martxan jarritako Gazteria Herrijorran ekimenean sortutako ideiak edo zalantzak argitu gura ditu zapatuko batzarrak hein haundi batean. "Batetik, gaztelekuak adin mugarik ez izatea, anitza izatea ... argi ikusi zen prozesu horretan eta gaztelekuak izango duen izen berri horrek hori ere jasotzea da asmoa. Proposamenak jasotzeko epea zabalik dago eta ideia batzuk jaso ditugu, baina biharko batzarrean ere sor daitezke berriak. Bozketa bidez erabakiko dugu izen berria", azaldu du Jon Lopez gazteriako udal teknikariak.
Tabernaren kudeaketa
"Herrijorran prozesutik ateratako beste ideia bat izan da gaztelekua aisialdi gune bakarrik izan beharrean, norberak ikusi edo entzun gura hituen hitzorduak antolatzeko gune ere izatea. Horrela, zehaztuko dugu jendeak zer gura duen: edo egun funtzionatzen duen moduan jarraitu, edo aukera izan norberak antolatzeko gustukoa duen ekitaldi bat. Gainera, kultur ekipamendu moduan ixten denean ere gaztelekua zabalik egotea posible da, aukera hori badago", jarraitu du Lopezek. Partehartzaile kopuruaren arabera erabakiko dute koordinadora moduan edo batzar moduan antolatu kudeaketa.
Beste puntu bat taberna da. Tabernaren kudeaketari buruz, irabazi asmorik gabeko herriko eragile guztiendako dago zabalik aukera.