Elurteen aurrean jarduteko herritar taldeak eratu nahi ditu Oñatiko Udalak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 21a

Asmoa da Udaleko larrialdi planeko taldetik programa koordinatu bat abian jartzea, balizko elurte bati ahalik eta berme handienarekin eta egokien auzolanean erantzuteko. Horretarako, herria lau gunetan banatu dute, eta gune bakoitzerako udal pertsonal eta makineria izendatu. Euren egitekoa izango da gune horietako zutabe edo arteria garrantzitsuenak garbi eta seguru mantentzea, eta boluntarioen laguntza ere beharko dute.

Etxe eta komertzioen atarietatik arteria nagusi horietara bidea zabaltzeko behar dute boluntarioen laguntza, eta palak eta gatza bezalako beharrezko materialak jarriko dituzte euren eskura. 

Izena emateko

Auzolanerako boluntario brigada horietan izena ematen duten herritarrek aseguru bat izango dute egun horietarako. Parte hartzeko interesa dutenek e-posta bat bidali beharko dute partehartzea@oinati.net helbidera izen abizenak, bizi den auzoa, NAN zenbakia eta kontakturako e-posta eta telefonoa adieraziz.

Elur arriskua dagoen egunen atarian (elurra iragarri dute asteburu honetarako) interesatu guztiekin batzar bat burutuko dute, guneen aurkezpena egin, plana partekatu eta guztien artean ekintza plana (ordutegiak, txandak, eremuak...) erabakitzeko.


Elurra kentzeko makina, lanean.

Udal baliabideak eta pertsonak "mugatuak" dira

Elurte baten aurrean badirudi herrian anabasa edo kaosa sortzen dela, Oñatiko Udal Gobernuaren hitzetan: "Errepide eta espaloiak arriskutsu eta labankor bihurtzen dira eta guztiok nahi izaten dugu goazen tokirako errepide edo espaloia libre eta garbi aurkitzea, baita gure atarirainoko bidea ere. Horrela ez bada erantzukizuna Udalari botatzen diogu eta orduan hasten dira kexa, haserre eta ohiuak".

Baina Udal Gobernutik diote udal baliabide eta pertsonak mugatuak direla eta elurte baten aurrean ezin direla gune guztietara eta landa eremuko auzoetara nahi bezain azkar iritsi, eta komeni dela guztiok horren jakitun izatea. Gai horrek guztion ardura izan beharko luke, euren esanetan, eta horregatik hartu dute auzolanerako deia egiteko erabakia: "Guztiok elkarlan eta auzolanean gure auzo eta atari inguruak garbitzeko konpromisoa hartzen badugu, arrisku gabe ibiltzeko moduan izango gara toki horietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak