Aretxabaletako No Hope taldea izan zen lehena. Kale ustelak disko berria aurkeztera etorri ziren eta taldearen izenak berak dioen moduan, esperantzarako tarte gutxi uzten duten kantuak jo zituzten. Hots, amorrazioz betetako hitzak eta doinu gordinak. Giroa berotzea tokatu zitzaien atzokoan eta egia esan, ez zuten feedback larregi lortu publikoarekin. Bertsioak, noski, ez ziren falta izan: Eskoriatzako Heriotza talde mitikoaren Akatu zipaioa, The Crack taldearen Take me away eta Arrasateko Eskizofrenia Rock taldearen Parece mentira, besteak beste.
Never Surrender-en keinua 'Txirli'-ri
Aretxabaletarren ostean Arrasateko Never Surrender igo zen taula gainera Bide zuzenetik oker disko berria aurkezteko. Arazo teknikoak izan zituzten soinuarekin; atzokoa ez zen laukote arrasatearraren kontzertu onena izan, inondik inora. Amaierarako konpondu ziren arazoak eta orduan heldu zen gaueko unerik gozoenetakoa: azken kantuan, Pollu CC627 taldeko gitarra jolearekin batera, Oñatiko Golpe de Estado taldearen Nueva York kantua jo zuten. Han zegoen Txirli eta noski, agertoki gainean amaitu zuen abesten. Keinu polita izan zuten Never Surrender-ekoek dagoeneko iraganeko parte den talde oñatiarrarekin.
The Mahones, zoramena agertokian
Amaitzeko, The Mahones: punka oinarri baina folk ukitu nabarmenekin. Dropkick Murphys taldea ekarri ziguten gogora. Gaztelekua mugiarazteko asmoz irten ziren hasieratik, agertokira zoramena ekarrita. 20 urte luzeko ibilbidea duen taldea da eta igarri zen: taula gainean ondo mugitzen den horietako talde bat da. Mandolina, harmonika, gitarra, akordeoi, baxu eta bateriarekin kantu osatuak eskaini zituzten eta eurak izan ziren publikoarekin feedback gehien lortu zutenak. Finny McConnel gidari zutela ordu eta erdi luze aritu ziren jotzen. Amaiera aldera The Ramones taldearen I wanna be sedated abestia jo zuten.