Oñati dago berriki Foru Aldundiarekin eta UEMArekin kontratazioetarako hizkuntza irizpideak modu bateratuan aplikatzeko erabakia hartu duten Gipuzkoako 36 udalen artean. Honek zer suposatzen duen galdetuta, Nerea Zubia, Euskara eta Hezkuntza batzordeburuak dio euskara hizkuntza ofiziala izan arren, erakundeek ez dutela "izaera hori praktikara eraman bere osotasunean, ezta Oñatin ere". "Gurean, kontratazio mota jakinetan, lehiaketa irekietan eta pleguetan irizpideak jasotzen ziren arren, ondoren ez zitzaien jarraipenik egiten. Eta, orain, jarraipena egiteko tresnak ere eskuragarri izango ditugu", dio Zubiak.
Batzordeburuak azaldu du aldaketak kontratazio guztietan izango duela eragina: "Beraz, lehenengo urratsa udal guztian hau barneratzea izango da eta horretan jarriko gara berehala. Ondoren, adostutakoa praktikara eramango dugu. Langile bakoitzak izango du berari dagozkion kontratazioen jarraipena egitearen ardura hizkuntza-irizpideei dagokienez ere. Ez da euskara teknikariaren ardura izango".
Enpresek egoera berrira egokitu beharko dutela ere badio Zubiak, eta lan arloan eragitea lortuko dutela horrela.