Oñatiko hizkera maite duenak sarean dauka orain tresna ederra

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 12a

Oñatieraz gehiago jakin gura duenak oso tresna baliotsua du orain eskura, Interneten, Oñatiko Udalaren webgunean: Candido Izagirreren Vocabulario vasco de Aranzazu-Oñati y zonas colindantes lana, Aita Villasantek bildu zuen moduan, eta bi modutara argitaratuta: lehenengo ediziokoa, 1970ekoa; eta 1994koa, Oñatiko Udalak eta Foru Aldundiak egindakoa eta Gerardo Markuleta oñatiarraren alderantzizko aurkibidearekin.

Liburu hori ez da 1994a ezkero berriz argitaratu, eta aleren bat lortzea oso zaila da. Horregatik, Oñatiko hizkera eta, oro har, euskara gehiago ikertu gura dutenendako erreferentziazko lana da.

Oñatiko euskaltegiaren ekimenez dago lan hori orain sarean: "Nik oñatiera ikastaroak eman izan ditut eta jendeak liburu hori eskatzen zidan. Gaur egungo teknologiarekin, hori ezin zela desagertuta egon, nolabait berreskuratu egin behar zela pentsatu genuen", esaten digu euskaltegiko zuzendariak, Roberto Altunak. 

Lehenengo bere kontura hasi zen etxeko liburua digitalizatzen; gero, Foru Aldundira, Euskaltzaindira eta Anuario Semanal Julio Urquijo erakundera jo zuen. Euskaltzaindiak bere aldetik zeukan lan hori digitalizatuta, baina Markuletaren alderantzizko aurkibiderik gabe; eta ASJUk, aurkibidearekin. Bada, biak daude Oñatiko Udalaren webgunean: www.oinati.eu/udal-zerbitzuak/euskara-eta-hezkuntza/bedita-larrakoetxea-udal-euskaltegia/argitalpenak

Erlikiak, uste baino biziago 

Izagirreren lanaren fruitua bizirik dago eta "gauza askotarako balio" du gaur egun ere, Roberto Altunak esaten digunez. Eta hori, sortu zen testuingurua gaurkoaren guztiz desberdina zela kontuan hartuta: "1940 eta 1960ko hamarkaden artean ibili zen Izagirre hitz horiek jasotzen. Arantzazu eta Araotz inguruan ibili zen. XIX. mendeko jendearekin ibili zen; baserritarrak eta ganadu eta baso ingurukoak, hau da, naturan bizi zirenak. Beraz, liburuan agertzen diren perlak eta esaerak mundu horretakoak dira". Hortaz, edozein oñatiarrendako eta euskaltzalerendako ikasteko hitz politak agertzen dira: "Erreminten izenak, ganaduen izenak, loreenak, landareenak, gaixotasunenak… horrelakoak asko agertzen dira. Garai bateko eta esparru bateko lexikoa jakiteko balio du liburuak", esaten du Altunak. 

Bestetik, "erlikia" moduan geratu diren hitz batzuk uste baino biziago daudela konturatzeko ere balio du: "Hitz horiek, esanez gero, jendeak badakizkiela edo gogoratzen dituela konturatu naiz. Adibidez, dindilizka dagoeneko ez da erabiltzen, zintzilik edo txintxiliz esango dute oñatiarrek, baina zuk dindilizka esanez gero, jendeak antz bat hartuko dio. Beharbada inoiz aitajaunari-edo entzundakoa izango da, eta orain entzuten badugu, ezagun egiten zaigu", esaten digu Roberto Altunak.

"Eguzkitu bat eman" 

Oñatiar asko harrituko dituen beste zerbait ere erakusten du Candido Izagirreren Vocabulario vasco-k: "Konturatu naiz guk euskara batuaren bidez ikasitakotzat geneuzkan hitzak orduan Oñatin erabiltzen zituztela, bertakoak ere badirela. Adibidez, amaginarreba, aitaginarreba jasotzen dira, bertakoek erabilita garai hartan; debekatu ere agertzen da, nik neuk jende nagusiari behin ere ez diodana entzun; baina orduko baserritarrek erabiltzen zuten". 

Bestetik, berba jator askoak ikasteko ere jo daiteke Izagirreren lanera: "Poner algo al sol euskaraz esan gura badugu, normalean eguzkitan ipini esango dugu. Baina liburu honetan beste hau agertzen da: éuzkittu bat emun", ipintzen du Altunak adibide gisa.

Vocabulario vasco-ra jotzen duenak "gauza onak eta oso-oso aberatsak" topatuko ditu, euskaltegiko zuzendariak kontatzen digun moduan. Eta ez bakarrik hitzak edo esamoldeak Arantzazuko, Araozko eta inguruko baserritarrek esaten zituzten moduan, oñatieraz idatzita; baita azentua zeri eman ere. "Izagirrek oso belarri fina zeukan, eta azentuak eta guzti markatu zituen". 

Hortxe, beraz, euskarazko tresna ederra, denon eskura, guztiz doan.

-----------------

 

Baserritarrekin soroan ibiltzen zen

Candido Izagirre (1913-1967) Urretxuko semea zen, Ipiñarrieta etxekoa. Arantzazun fraidea izan zen. Hizkuntzalaritzan egin zuen lan garrantzitsuena Arantzazu, Araotz eta inguruetako hizkera batzea izan zen. Euskaltegiko Koldo Zumalde irakasleak, araoztarra bera, gogoan du, bera mutiko zenean, Araotzen fraidea askotan ikusi izana: "Bernabe Igartua soroan lanean ibiltzen zen, marrak banatzen; ikaragarrizko beroa egiten zuen eta fraidea, bere sotanarekin, han zebilen Bernaberen atzetik, hark esaten zuena apuntatzen". Gizon "handia" zela ere gogoan du. Bere apunteetan, sei edo zazpi bat informante nagusi izenez aipatzen ditu Candido Izagirrek. Dena dela, fraidea belarriak adi ibiltzen zen, eta Koldok gogoan du, adibidez, neska-mutikoen berbak ere jasotzen zituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak