Ariketa kardiobaskularra hobeto egiteko pautak jaso dituzte Oñatin

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 11

Ariketa fisikoa egin, bai, baina ondo egin nahi du jendeak gero eta gehiago, eta dauzkan baliabideei zukua ateratzen jakin. Horrekin pentsatuta, lan kardiobaskularraren gaineko tailerra eta fit bike erakustaldia egin zuten egubakoitz arratsaldean Oñatiko Zubikoa kiroldegian. Irakaslearen esanetan, posizioa, intentsitatea eta lan-bolumena kontrolatu behar dira.

Ariketa fisiko suabea egiten dutenendako eta Zubikoako fitness gelako makinak erabiltzen dituztenendako zen, eta 13 lagun agertu ziren. Egoitek-ekok Xabi Azkaratek eman zuen saio teoriko-praktikoa. Honela laburtu zuen mezu nagusia: "Ariketak egiterakoan, posizioa da oso inportantea; indarra lantzerakoan, jende asko postura txarrean ibiltzen da, eta min hartzen du. Horrez gain, intentsitatea eta lan-bolumena zaindu behar dira, batez ere adin batetik aurrera". 

Azkaratek parte-hartzaileei azaldu zienez, makinak erabiltzerakoan, pultsometroa eduki ezean, intentsitatea kontrolatzeko modu on bat dago: "Berba egiteko gai izan behar gara; ariketaren intentsitateak ezin digu hitz egitea galarazi". 

Denbora aprobetxatu 

Saioaren bigarren zatia fitness gelan egin zuten; han, ariketa kardiobaskularra edo aerobikoa egiteko dauden lau makina motak erakutsi zizkien Azkaratek parte-hartzaileei: bizikletak, arrauna, zintak eta eliptikoa. Gomendio orokor gisa, "berotzen hasteko, lehenengo bizikletan ibiltzea" komeni zela esan zien. "Onena da hiru edo lau makina desberdinetan ibiltzea. Eta, ariketa egitera hiru egunetan bazatozte, saiatu egun baten fitness gelara joaten", gaineratu zien. 

Makinekin 45 minutu eta ordu bete artean ematea gomendatu zien, eta ez ordu bete baino gehiago; gainera, bertan pasatzen den denbora baino garrantzitsuago denbora hori aprobetxatzea zela azpimarratu zuen.

Saio gehiago egongo dira 

Egoitek-eko irakaslearen esanetan, jendeak "gero eta ardura handiagoa" du norbere burua zaintzeko, baina mugak apurtu barik: "Gauza asko entzuten dira eta jendea beldurtu egiten da batzuetan. Horretarako prestatu ditugu programa hauek; jendeari azaltzeko ariketa aerobikoa egitea ez dela zaila, baina kontrol bat eraman behar dela".

Saio gehiago emateko asmoa dute kirol arduradunek, beste behar mota batzuen gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak