Azken osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak Bidebarrieta kaleko 24. zenbakian dagoen izaera sozialeko etxebizitza alokairuan ematea. Hutsik dago etxebizitza, eta zenbait baldintza bete beharko ditu orain alokairuan hartu nahi dituenak; azken bost urteetan Oñatin erroldatuta egotea eta bertan bizi dela egiaztatzea, besteak beste.
Diru sarreretan muga ere badago; eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru sarrerak ezin dira lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak izan. Kontuan hartuko dira baita ere eskatzailearen egungo etxebizitza baldintzak, errentan bizi den, bizileku duen etxebizitza prekarioa den edo desjabetzeko prozesuan dagoen, esate baterako.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Udalaren deialdia, eskatzaileen izaera aztertu eta dagokionari emango diote etxebizitza errentan. Alokairuaren zenbatekoa zehaztuko dute maizterraren egoeraren arabera.
Osoko bilkura berean, eta Bildu eta EAJko zinegotziek aho batez, Oñati Alzheimerrarekiko hiri solidario izatea ere erabaki zuten, AFAGI elkartearen proposamenari jarraiki.