Martxoaren 21ean helduko da 18. Korrika Oñatira. Udanatik sartuko da 04:00etan. Korrika datorren aldiro gertatzen den moduan, oraingoan ere sortu da Korrika batzordea Oñatin, eta euskararen aldeko jai hori indartzeko lanean dihardu dagoeneko.
Anje Duhalde 22an
Antolatutako ekintzen artean dago, adibidez, Anje Duhaldek gaztelekuan egingo duen kontzertua. Otsailaren 22an izango da hori, 22:30ean, eta sarrerak sei eurtoan egongo dira salgai.
Horrez gain, bi antzezlan ere antolatu dituzte otsailerako. Hilaren 17an, esaterako, Ande Lipusek Publikoari gorroto izeneko antzezlana ekarriko du Santa Anara. Hilaren 24an, Arrasateko Doke antzerki taldeak Paradisuko atean antzezlana eskainiko du toki berean.
Martxoan ere izango dira ekitaldiak. 20an, esaterako, Korrika txikia egingo dute, trikitilari, txorimalo, txokolate eta dantzariekin batera. Martxoaren 16an, bestalde, bazkari herrikoia eta herri kirolak izango dira, besteak beste.
Materiala saltzen
Bestalde, gaur, zapatua, Korrikako materiala saltzen egongo dira herriko ikasleak Oñatiko gune ezberdinetan goizean, arratsaldean eta iluntzean.