"Buff ... oso ona, oso denboraldi ona egin dugu eta pozik gaude. Sekulako emaitzak lortu ditugu eta taldeko neska-mutikoek asko disfrutatu dute. Denboraldi bikaina izan da". Horixe da Aloña Mendiko Arrikrutz Kobak ziklo-kross taldeko zuzendari Ruper Arkauzen erantzuna taldeak egindako denboraldiaren balorazioaz galdetuta. Emozioa adierazten duen "Buff" hori sarri atera zaio Arkauzi, barrutik, elkarrizketak iraun duen bitartean.
Bi txapelketetan
2012ko azaroan hasi eta pasa den urtarrileko azken asteburura arte iraun du ziklo-kroseko taldearen denboraldiak. "Azken asteburu horretan bi lasterketa genituen: bat Ispasterren, Euskadiko txapelketaren barruan sartzen zena, eta bestea Burgosen, Gaztela Leioko txapelketaren baitan sartzen zena. Taldeko sei kirolariei esan genien eurek egiteko aukera, eta bietan izan ginen. Burgosen, Maider Usandizagak bigarren egin zuen: Julen Umerezek hirugarren; Xabi Aiastuik zazpigarren; Ekaitz Txintxurretak hamargarren eta Xabi Murgiondok hamabigarren. Julen Umerez Ispasterreko lasterketara ere joan zen. Bigarren egin zuen eta horri esker, hirugarren postuan gelditu da Euskal Herriko mailan", kontatu du Ruper Arkauzek.
2012-2013 denboraldian 20 bat lasterketetan izan dira Arrikrutz Kobak taldeko neska-mutikoak. "Hasieran kosta egin zitzaigun indarra hartzera, baina laugarren lasterketatik aurrera aurrean jarri ginen, eta oso denboraldi ona egin dugu", gaineratu du Ruper Arkauzek. "Emaitza onak lortu ez ezik, neska-mutikoak gustura ibili direla ikusi dugu, disfrutatu egin dutela, eta hor ikusi dugu taldea sortu arte egindako lan guztiak merezi izan duela", azpimarratu du.
Denboraldi berriari begira
Denboraldia bukatu berri izan arren, datorrenari begira hasi direla aitortu du Arkauzek. "Urteko txostena prestatzen ari gara orain eta babeslearekin bilerak izango ditugu gero. Badakigu, gainera, taldean sartzeko gogoa dutela herriko beste gaztetxo batzuk, eta pozgarria da hori".