Okerren daudenei lanerako bidea ireki nahi die Bidebarri zentroak

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 4a

Debagoieneko hainbat enpresa eta zerbitzu-lekuetako kafe eta janari-makinak betetzen, Oñatiko bi okindegitan saltzen edo zenbait udal zerbitzu garbitzen ikusiko zituen jende askok, batez ere oñatiarrek: Bidebarri enpresako langileak dira. Lan egiteaz gain, laneratze prozesua egiten dabiltza, eta hor dago euren berezitasuna.

Izan ere, enplegu-zentro berezia da Bidebarri: gizarteratze eta laneratze enpresa izendapena dauka 2003tik hona. Egun hauetan albiste izan da, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean Ficoban, Irunen egin den II. Inserciona azokan parte hartu duelako. Gainera, antolakuntzan ere ibili da Jon Igartua, Bidebarriko sortzaileetako bat eta gaur egungo arduraduna.

Jende askok badaki Zubillagako Bidebarri enpresa nolabait berezia dela. Hala, jabegoaren erdia Oñatiko Udalari dagokio; %40a, Caritasi, eta beste %10a, zuzendari eta sortzaile Jon Igartuari. Laneratze eta gizarteratze enpresa den aldetik, bere helburua ez da bakarrik bertan dabiltzanei lana ematea, Jon Igartua arduradunak azaltzen digun moduan: "Arazo pertsonal edo sozioekonomikoak dituztenek lana topatzeko dituzten aukerak hobetzea da gure helburua. Horretarako, Bidebarrin 6 eta 36 hilabete artean egon daitezke. Azken helburua da enpresa normalizatuetara salto egin dezaten". 

Lanbiderekin hitzarmena 

Bere misioarekin urte asko daroa Bidebarrik: 1996a ezkero, hain zuzen ere. Oñatiko Udalak egin zuen ikerketa baten arabera, Oñatin bazegoen egoera sozioekonomiko bereziki txarrean zegoen jende multzoa, lana topatu ezin zutenak. Hainbat aukera aztertu eta gero, Oñatiko Udalak enpresa propioa sortzea erabaki zuen. 

Zailtasun sozioekonomikoak dituen jende gehiago dagoen honetan ere, ezin du Bidebarrik edozeinek lan egin, eta langileak ez dituzte zuzenean eurek hartzen, baizik eta Lanbidek edo Udaleko Gizarte Zerbitzuek bidaltzen dizkiete. Jon Igartuak esaten digu ze multzoko jendeak izan dezakeen lekua Bidebarrin: "Gehienak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) jasotzen dutenak edo, jaso ez arren, baldintza bat edo bi ez betetzeagatik jasotzen ez dutenak dira; gero, droga-mendekotasun batetik datozenak; kartzelan edo adin txikikoen zentroetan egon direnak –baina horiek oso gutxi izaten ditugu–; eta Gizarte Zerbitzuetatik datozenak, gizarteratze arazo larriak dituztenak".

Bidebarrin hasi aurretik, langile berriak hitzarmena egiten du Lanbiderekin eta, gero, Bidebarrik kontratua egiten dio. Hasieratik garbi azaltzen dizkiote zeintzuk diren baldintzak, Bidebarriko akonpainamendu-teknikariak, Maite Uribarrenek esaten duen moduan: "Bakoitzarekin pertsonalizatutako itinerarioa egiten dugu: gaur egun ze egoera pertsonal, sozial eta ekonomikoan dagoen aztertu, eta elkarrekin bere ahuleziak eta indarrak ikusten ditugu. Eurek badakite lan-epe konkretu baterako daudela, eta helburua ez dela bakarrik lana egitea, baizik eta gizarteratze prozesuan daudela". 

Beraz, langile bakoitzaren hasierako egoeraren arabera, bide bat edo beste bat planteatzen diote: "Batzuen kasuan, ikasketa batzuk egitea; edo norberaren arazo pertsonalak gainditzeko behar dituen erremintak ematea…", laburtzen du Maite Uribarrenek.

Lehenengo egitekoa "norberak arazoa duela onartzea" da, Uribarrenek gaineratzen duenez. "Hori kosta egiten da, batzuetan. Gero norberak berari dagokion ibilbidea egin behar du. Izan dira kasu batzuk non, saiatu arren, azkenean utzi egin behar izan dugun, ez delako pertsona hori gizarteratzea lortu; baina, kasu gehienetan, pazientziarekin eta euren borondatearekin, lortzen da".

200 makina baino gehiago 

Bidebarrik berak, enpresa gisa, eboluzio bat izan du. Gaur egun bi dira finkatuta dauden bere negozioak: kafe, freskagarri eta jatekoak saltzen dituzten makinak kudeatzea, batetik; eta Oñatiko bi okindegi kudeatzea, bestetik. Kasu batean zein bestean, Bidebarrik ez du produkziorik egiten; makinak bete, dirua jaso, hondatuta daudenean konpondu…egiten ditu; eta okindegiak eurak eta bertako produktua ez dira bereak, baizik eta Bidebarrik denda horiek eramaten ditu soilik. Bi aktibitate horiek ondo errotuta daude –200 makina baino gehiago kudeatzen dituzte Bidebarriko langileek–, baina ez dira Bidebarriren historian bakarrak izan, eta gaur egun ere badituzte beste jarduera txikiago batzuk: bereziki, enpresek azpikontratatzen dizkieten lanak egiten dituzte. Izan zen ere gozogintzan sartzeko saiakera bat, baina hortxe geratu zen. Azpikontratatutako lanak egiten dituzte oraindik, baina krisiak eragina izan du eurengana jotzen duten enpresa pribatuengan, eta horien kopurua askoz txikiagoa da orain. Oñatiko Udalak azpikontratatzen dizkie zenbait zerbitzu: besteak beste, eskuorriak etxerik etxe buzoietan sartzea edo Azkoagain futbol zelaia txukuntzea. Bestalde, Gizarte Zerbitzuen bidez aurrez prestatutako otorduak jasotzeko izena emanda daudenei janari horiek ere Bidebarriko langileek eroaten dizkiete etxera. Otorduak ere ez dituzte eurek prestatzen, Sutondo enpresak baizik.

Hazten jarraitu gura du Bidebarrik, eta proiektu berriak aztertzen dabil. "Gaur egun txikiak diren aktibitateak indartzen joan gura dugu. Azpikontratazioen arloa indartu gura dugu, lan gehiago sortzeko", esaten du Jon Igartuak.

Dirua, arazoaren erdia

Egunotan, udalaren esku-
orriak buzoietan banatzen ibili da Bidebarriko langile bat, Jose Manuel Vilariño. Berak esaten digunez, bost hilabete daroa Bidebarrin lanean, eta oso pozik dago: "Ia hiru urte eman nituen lana topatu barik, eta gero beste zortzi hilabete etxean, bajoiarekin, irten ere egin gabe ia. Orain sekulako energia daukat, oso pozik nabil. Lan honetaz gain, neska-mutikoak entrenatzen ditut zapatu goizetan. Umeek asko maite naute".

Maite Uribarrenek dioenez, Jose Manueli gertatzen zaion bezala, "langileei lasaitasuna ematen die gutxienez hiru urtean lana izateak, eta ekonomikoki, behintzat, babestuta gelditzen dira. Hori izaten da euren arazoen zati handi bat. Horrekin, arazoak dituzten beste arloei eusteko jarrera asko hobetzen zaie".

Edozein modutan, krisiak asko aldarazi du Lanbidera edo gizarte zerbitzuetara eta, zeharka, Bidebarrira ailegatzen den pertsonaren profila. Jon Igartuak baieztatzen du hori: "Azken boladan, Lanbidek bidaltzen digun jende gehiena Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak dira, eta horietako asko ikasketa maila handia dutenak edo beste lan batzuetan esperientzia dutenak izaten dira. Baita aurretik lan egin duten eta orain lana topatu ezin duten atzerritarrak ere; edo ikasketak dituzten eta horien homologazio-prozesu luze baten dauden atzerritarrak".

Lan eta laguntza ekonomikoaren premian daudenen artean, selekzio zorrotza egin behar da, gura edo ez; izan ere, Euskadin, gizarteratze eta laneratze enpresek 700 lanpostu baino gutxiago dituzte eskaintzeko, eta Euskadin, RGI errenta hartzen duten 55.000 pertsona dago. Krisiaren beste ondorio bat hau da: laneratze enpresetatik irteten diren langileek lehen baino zailagoa dutela enpresa arruntetara sartzea, lanpostu horietarako lehia handiagoa dagoelako. Horren eraginez, "orain urte batzuk arte, laneratze enpresetatik irteten zirenen %75 enpresa normalizatuetan sartzen ziren; gaur egun, %55 ingurukoa da tasa, eta datozen urteotan datua okertu egingo da", aurreratzen du Jon Igartuak.

"Krisia gainditu dugu" 

Inserciona azokak bere bigarren edizioa izan du egunotan. Lehenengoa, orain bi urte, Bartzelonan egin zuten. Aurtengoan, gainera, Gizatea elkarteko presidente gisa, Igartuak parte hartu du inaugurazio ekitaldian. Euskadiko eta Espainiako gainerako erkidegoetako gizarteratze enpresek 4.500 lagun baino gehiagori ematen diete lana, eta urtero 83 milioiko diru-sarrera gordinak dituzte; horregatik, gizarteratze-enpresek "2012an krisia gainditu" dutela azpimarratu dute antolatzaileek.

Bidebarrirendako "oso inportantea" da azoka horretan egotea. Besteak beste, aurreiritziak apurtu gura dituzte; izan ere, "historikoki" laneratze enpresek ohiko enpresen eta bezeroen "mesfidantza" jasan dutela onartzen du Bidebarriko zuzendariak.Egunotako azokaren bidez, eta eguneroko jardueraren bidez, "modu konpetitiboan eta oso zerbitzu ona emanez lan egiteko gai" dela erakutsi gura du Bidebarrik; "gainera, laneratze prozesuak eginez, gizarte-lan bat egiteko gai" ere badela.

-----------------

Bidebarri, begirada baten

Lanbide: Bidebarriko langileak Lanbidek edo udaleko gizarte zerbitzuek bideratutako jendea dira. 

Larriak: diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak eta gizarte-arazo larriak dituztenak dira langile gehienak.

Hiru urte: gutxienez 6 eta gehienez 36 hilabetean egon daitezke Bidebarrin; gero, 24 hilabetean ezin izango dira laneratze-enpresa baten izan.

Itinerarioa: teknikariarekin, itinerario pertsonalizatua egiten du bakoitzak, beretako bide egokiena aukeratzeko: ikasketak, abilezia sozialak…

Helburua: laneratze-enpresatik irtendakoan, ohiko enpresetan lana lortzeko gai izatea da  helburua.

-----------------

1.300 lanpostu dituzten enpresak

Euskadiko gizarteratze eta laneratze enpresen elkartea da Gizatea. Espainiako FAEDEI, halako enpresak batzen dituen federazioko kidea da. 2007an sortu zuten Gizatea, eta gaur egun 1.300 lanpostu batzen dituzten mota horretako 45 enpresa dira horko bazkide. 1.300 lanpostu horietatik 671 laneratze prozesuan dauden langileei dagozkie, eta gainerakoak, teknikariei eta orientatzaileei, batik bat. Laneratze prozesuan dauden Euskadiko langileek 29,5 milioi euroko diru-sarrerak dituzte; %70 produktu eta zerbitzuen salmentatik dator, eta gainerako %30a, dirulaguntza publikoetatik. Bezeroen %80 enpresa pribatuak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak