Oñatiko udalak ia 16 milioi euro t´erdiko aurrekontua izango du 2013an, joan den urtean baino %4 gehiago; guztira, 16.438.000 euro. Abenduaren 20an egindako osoko bilkuran onartu zuen aurrekontua osokoak, Bilduko aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Konponketa lanak
Lurralde antolamenduaren barruan, estarako, energia eta ura aurrezteko politiken garapena egitea da helburua. Alor horretan, herriko argiteria publikoa eraginkorragoa egiteko proiektua gauzatuko da, 420.000 euroko inbertsioa eskatzen duena. Horrez gain, mugikortasun eraginkorra lortzea da beste helburu bat: bizikleta erabilpenaren sustatuz, garraio publikoa garatuz eta oinezkoendako bideak berreskuratuz. Asmoa izango da Oñatirako mugikortasun plan integral bat egitea.
Hirigintzari kasu eginez, aurrekontuetan ez da aurreikusten inbertsio handiko proiekturik. Josu Lizarraldek osokoan azaldu bezala, "mantentze eta konpontze lanei emango zaie lehentasuna: San Lorentzon, esaterako, Aldapa taberna inguruan, iragazpen arazoak konpontzeko. Errekalden garajeetako sartu-irtenak egokitu, San Juan kalea oinezkoendako jarri edo hilerria irisgarri izateko lanak egin, adibidez". Herriko espazio publikoen gaineko proiektuen erakusketari buruz, Mikel Biain alkateak adierazi zuen 227 ekarpen jaso zituztela eta ona izan dela hori, baina, momentuz, ez dutela egingo han jasotako proiekturik.

Horrez gain, lehen sektoreko enplegua bultzatzeko 12.000 euroko dirulaguntza, auzo alkateen foroa indartzea, auzoen arteko harreman sarea sortzea eta nekazariendako zerga eta tasa politika egokitzea ere jasotzen dira aurrekontuetan. Oñatik, guztira, 16 auzo ditu.
Zero zabor filosofia
Ingurumena alorrean, zero zabor filosofiaren garapenak hartuko du diru partidaren zatirik handiena. Esaterako, auzokonpostarako 40.000 euro gorde ditu eta beste 25.000 hondakinak murrizteko kontzientziazio kanpainak egiteko. Hor sartzen dira, adibidez, mugikortasun astea, ingurumen astea, tupperren erabilera arraina edo okela erosteko edo berrerabiltzen diren pixohialak erabiltzeko mezuak zabaltzea.
Horrez gain, basoen ordenazio plana egiteko 15.000 euro ditu ingurumen departamenduak 2013rako, mehatxatutako espezien zentsua burutzeko 10.000 euro eta ingurune naturalaren ikerketa eta fauna eta flora aztertzeko, 18.000 euro.
Hezkuntza mahaiarekin segi
Sozioekonomia taldearen barruan, helburuen artean daude, sare ekonomikoaren antolaketa dibertsifikatua lortzea, ekoizpen-kontsumo sare zuzenak bultzatzea, herri mailako foro sozioekonomikoaren dinamizazioa eta komertzio txikiaren defentsa; azken horretarako, adibidez, 36.000 euro gorde dira. Langabeziari lotuta, enplegu berriak sortzeko proiektuak egiteko 4.000 euro aurreikusten dira eta sei pertsonen kontratazioa.

Bestalde, ongizatearen barruan, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak bultzatzeko ekimenak egitea da asmoa. Baita esperientzia eskola martxan jartzeko konpromisoa eta azken minutuko merkatua deritzon ekimena indartzea ere.
2013rako gordetako beste diru kopuru batzuen artean daude: 62.000 euro, haur eta nerabe etorkinen integrazioan laguntzeko eta haurrei begirako aisialdi hezitzaile eskaintza egiteko. Herriko gazteak kulturara hurbiltzeko, autogestioa bultzatzeko eta gazteek asteburuetan herrian gustuko ekintzak izateko, 60.000 euro izango ditu aurten udalak. Gazteak aipatuta, gaztelekuko ekipamendua hobetzeko dirua ere gorde da, 10.000 euro.
Gizarte Zerbitzuen barruan, 60.000 euro jaso dira aurrekontuetan joan den urtean diseinatu zen berdintasun plana garatzeko. Euskarako sailak ere, joan den urteko plan estrategikoa garatuko du aurten. Bestalde, joan den urtean lehenengo aldiz elkarrekin ospatu zuten Euskaran Eguna herriko ikastetxeek. Hezkuntza mahaitik atera zen hori, eta hango ideiak gauzatzea izango da hezkuntza sailaren helburuetako bat; baita eskola agendarekin jarraitzea ere. Errekalde Herri eskolako lehioak aldatzeko ere gorde da ditua.
Kulturari lotuta, 20.000 euro gorde dira kultura etxeko egokitzapenera bideratzeko, Planteatzen dena da egun kultura etxean dauden zerbitzu batzuk eraikin horretatik ateratzea.
2013rako onartutako proiektuetako hiru
Tenis pista estali
Zubikoa kiroldegiko tenis pista estaltzea izango da kirol departamentuak 2013rako aurreikusi duen proiektu nagusia. Beheko tenis pista estaliko dute. Ainhoa Martin kirol zinegotziak aurreratutako datuen arabera, proiektu bat baino gehiago ikusi gura dituzte eta oraindik ez dago jakiterik ze koste izango duen lan horrek, baina 125.000 euro gorde dituzte. Lanak noiz hasiko dituzten ere ez dago zehaztuta, baina udako kanpainarako bukatuta egotea da asmoa. "Lanak iraun bitartean ezingo da pista hori erabili, baina ez dute luze joko", dio Martinek.
Tenis pista estaltzeko erabakia hartzearen arrazoiaz galdetuta, hauxe erantzun du kirol zinegotziak: "Aloña Mendiko tenis sailak urtetan egin du eskaera hori, neguan, adibidez, ezin dituztelako instalazio horiek erabili, eguraldiagatik. Bestetik, herrijorran ekimenean ere egon da eskaera hori".

Horrez gain, aldagela mixtoko lurra aldatzea, seinalitika berria jartzea eta ur-sanitarioaren sarearen egokitzapena egitea ere jaso du kirol departamenduak 2013rako aurrekontuen txostenean.
ETEO aztertu
Kulturan indarra izango duen egitasmoetako bat da ETEO eraikin zaharrean antolatu gura den proiektuaren diseinua martxan jartzea.
Oñatiko kultur talde eta eragileen egoitza eraikin hori izango dela entzun bada ere, hori ez da guztiz zuzena, Manu Egaña kultura zinegotziak argitu duen moduan: "ikusi behar da udaleko departamendu ezberdinek dituzten beharrak zeintzuk diren, batetik. Bestetik, eraikinak berak ze aukera ematen dituen, adibidez, segurtasun edo irisgarritasun aldetik. 2013an egin behar duguna da azterketa globala, eta azterketa horrek ematen duen emaitza ikusita baloratuko da nola berrerabili eraikin hori. Adibidez, azterketa horrek esaten badu sekulako dirutza behar dela hori herriko eragileek erabiltzeko, baloratu egin beharko da inbertsio hori momentu horretan egin daitekeen edo ez, edota bestelako bide batzuk hartu daitezkeen edo ez".
Azterketa hori egiteko pertsona baten kontratazioa jasotzen du kultura departamenduak.
ETEO eraikin zaharrak 4.000 metro karratu inguru ditu eta egun hutsik dago. Toberako entseguak eta partehartzeko bilera batzuk goiko gela nagusian egin dituzte. Horrez gain, herriko hiruzpalau taldek erabiltzen dituzte areto batzuk maiztasun jakin batekin, esaterako, kontsumo taldeak edo Herrirak.

Auzotasuna indartu
Auzoak eta landa garapenaren barruan, 100.000 euro jaso dira, "auzotasuna indartzeko, auzoa bizirik egon dadin egin behar diren inbertsioak egiteko. Adibidez, auzo batek ikusten badu ziburuak edo liburutegi txiki bat izateak auzoa bizirik mantentzen lagunduko lukeela, diru kopuru hori erabili ahal izango du. Auzoek eurek kudeatuko dute, beraz, eurek erabakiko dute kopuru hori zertan eta zein auzotan inbertitzea”, azaldu du Mikel Biain auzoetako zinegotziak.
Horrez gain, lehen sektoreko enplegua bultzatzeko 12.000 euroko dirulaguntza, auzo alkateen foroa indartzea, auzoen arteko harreman sarea sortzea eta nekazariendako zerga eta tasa politika egokitzea ere jasotzen dira aurrekontuetan. Oñatik, guztira, 16 auzo ditu.