Oñatiarrek iaz kaleratu zuten Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak –taldearen hirugarren lana– izango dute herriko zein kanpoko zaleen gozamenerako emanaldiaren ardatz. Ikur dituzten abesti pisutsu eta melodia zirraragarriekin igoko da, bada, hirukote txantxikuarra, beste behin, herriko agertokira.
Stoner doinuez gainera, rock metaleroa ere bai
Garrasirik gabe gogortasuna islatzeko modu asko daudela erakutsiko dute zarauztarrek. 90eko hamarkadaren erdialdean abiatutako taldeak bost lan ditu kalean. Azkena, Ez gara hilko; adituen esanetan, bizirik sentitzeko apustu sendoa. Aro berri bati hasiera eman dion lan horretako kantuak, gitarra sobera astindu bako abesti indartsuak eta mezu landuak dituenak ekarriko ditu, besteak beste, Erasok Oñatira.