Laguntza teknikoak erosi ditu udalak, beharra duten herritarrek erabiltzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko otsailaren 1a

Hiru ohe, zaurien kontrako hiru koltxoi, garabi bat eta bainuontzirako aulki birakaria dira erosi dituen laguntza teknikoetako batzuk. Aldundiko laguntza heldu bitartean, udalarena izango du herritarrak.

Oñatiko udaleko Gizarte Zerbitzuek hainbat laguntza tekniko erosi dituzte horien beharra duten herritarrei uzteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrari laguntza hori helarazi bitarteko denbora tartean utziko dizkie udalak laguntza teknikoak beharra dutenei.

Hiru ohe, zaurien kontrako hiru koltxoi, oherako hiru baranda joku, garabi bat, bainuontzirako  jarleku birakari bat eta eskailerak igotzen laguntzen duen beldar-eskailera bat. Horixe da udalak erosi dituen laguntza teknikoen zerrenda. Horiez gain, Debagoieneko ospitale zaharrean zeuden 10 ohe artikulatu ere baditu. "Ohe horiek, baina, handiak eta astunak dira eta ezin dira edozein etxebizitzetara eraman. Horregatik erosi ditugu ohe artikulatu berriak, elektrikoak", azaldu du Gizarte Zerbitzuetako teknikari Esther Loibidek.

Aldunditik etorri arte
Laguntza teknikoa behar duen herritar batek, Aldundiari egiten dio eskaera. Lehen, herritarrak erosten zuen beharrezkoa zuen laguntza, eta Aldundiak dirua ematen zion hori ordaintzeko. Udatik hona, baina, irizpideak aldatu egin ditu Aldundiak, eta berak bereak dituen laguntza teknikoak uzten dizkie beharra duten gipuzkoarrei, dirulaguntza eman beharrean. "Laguntza teknikoa behar duen herritarraren egoera urgentziazkoa dela baloratzen badu Aldundiak, berehala emango dio laguntza teknikoa, baina kontrako kasuan itxaron zerrendan sartzen da. Egun laupabost hilabete itxaron behar du herritar batek Diputazioko laguntza mota hori jasotzeko", azaldu du Loibidek.
Diputazioko laguntza etorri bitarteko epean erabiltzeko dira, hain zuzen ere, udalak erosi dituen laguntza tekniko horiek. "Horrelako laguntzak behar dituztenak mendekotasun maila jakin bat duten herritarrak izaten dira normalean, eta laupabost hilabeteko epea handia da. Ortopedia batzuek alokatu ere egiten dituzte laguntza teknikoak, baina horrek kostu bat ere badakar erabiltzailearendako. Beraz, tarte horretan udalak utzitako laguntzak erabili ahal izango dituzte herritarrek. Diputazioko laguntza heltzen zaienean, berriro bueltatuko dute udalekoa, beste herritar batek erabiltzeko", argitu du Gizarte Zerbitzuetako udal teknikariak.

Gizarte Zerbitzuetan eskaera
Gizarte Zerbitzuak departamenduak bere biltegian ditu erositako laguntza teknikoak, eta beharraren arabera ateratzen ditu batuta dauden kaxetatik. "Beharra duenak gure bulegoetara etorrita egin behar du eskaera, orain arte bezala. Mendekotasunaren balorazioa eskatuko diogu Aldundiari eta itxaron bitartean gure laguntzak erabil ditzake", dio Loibidek. 10.000 euro pasako inbertsioa egin dute Gizarte Zerbitzuek laguntza teknikoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak