Irakurle talde berriak Oñatin, liburutegian, Pake Lekun eta gaztetxean

Julen Iriondo 2013ko otsailaren 1a

Bi martxan dira dagoeneko eta liburutegikoan izena eman daiteke jada. Liburu bera irakurtzeko geratu eta komentatu egingo dute gero, hilean behin. Liburutegiko zenbait saiotan, gainera, egilea ere bertan izango da.

Bitxia eman dezakeen arren, orain arte herrian izan den irakurle talde bakarra ez zen ez euskarazkoa ez gaztelerazkoa, ingelesezko liburuen gainean jarduten duena zen –oinatibookclub@gmail.com–. Ba hiru talde berri sortuko dira orain denbora tarte laburrean –Udal Liburutegian, Pake Leku jubilatuen elkartean eta Antixenako gaztetxean–, euskarazkoak –liburutegian gaztelerazkoa ere sortuko dute–.Funtzionatzeko modua bera izango da kasu guztietan: taldeko kide denek liburu bera irakurriko dute, eta hilean behin egingo dute hitzordua lana komentatzeko. Liburuko ale bat baino gehiago beharko direnez, ondo dator jakitea Udal Liburutegiak baduela modua ingurukoetako izenburu bereko aleak eskatu eta irakurleen eskura jartzeko.

Tertulixan taldea
Hala deituko da liburutegiko irakurle taldea. Otsailean izango da izen-ematea, martxoan irakurriko dute aurreneko lana eta apirilean egingo dute lehenengo saioa.
Euskarazko eta gaztelerazko taldeek bakoitzak bere dinamizatzailea izango dute, "liburuaren testuingurua azalduko duena edo egileari buruz zerbait esan", Arantzazu Ibarrondo Liburutegiko arduradunaren arabera, eta hortik aurrera solasaldia. Jendea izena ematera animatzen du Ibarrondok: "Ez da derrigorra izango taldean berba egitea ere; literaturarekin gozatzeko, ikasteko eta harremanak sortzeko lekua izango da". Edonorentzako ekimena ei da, "irakurle onentzako eta ez direnentzako". Tarteka, gainera, liburuaren egilea ere ekarriko dute kultura etxera.

Pake Lekun eta gaztetxean
Aurreko egubakoitzean egin zuten gaztetxean irakurle taldearen lehen saioa, eta astelehenean Pake Lekun. Jubilatuen elkartean, gainera, irakurritako Aulki jokoa liburuaren egilea, Uxue Alberdi, bertan izan zen –normalean hala izango ez den arren–. Zazpi lagun batu dira oraingoz, eta otsailaren 19an egingo dute hurrengo saioa. Josu Zabaletak euskaratutako Andrej Longo italiarraren Hamar izeneko lanaz jardungo dute, 18:30etik aurrera.
Ordu berean hasiko da gaztetxeko hurrengo saioa ere, otsailaren 22an –egubakoitzetan egingo dute–. Karmele Jaioren Ez naiz ni lana komentatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak