Oñatiko Udal Liburutegiak 'Tertulixan' irakurleen taldea sortu du

Txomin Madina Milikua 2013ko urtarrilaren 30a

Literaturarekin gozatzea, ikastea eta herrikideekin harremanak sendotzea. Helburu horiekin jarri du abian Oñatiko Udal liburutegiak Tertulixan izeneko irakurleen taldea. Taldea osatzen dabiltza, eta asmoa da martxorako martxan egotea. Ez da baina Oñatin dagoen era honetako talde bakarra, izan ere Pake-Leku elkarteak eta Antixenako gaztetxeak ere berriki jarri dituzte martxan eurenak.

Aspalditik zebiltzan Oñatiko udal liburutegian irakurleen talde bat martxan jarri guran, eta aurten, Tertulixan irakurleen taldearen sorrerarekin, asmo hori errealitate bihurtu dute. Udal Liburutegiko arduradun den Arantzazu Ibarrondok azaldu moduan, dinamika sinplea izango da: taldeko kideek hilabete bakoitzean liburu bat irakurriko dute, eta gero liburua komentatzeko elkartuko dira dinamizatzaile batekin. Ibarrondoren esanetan helburua ez da bakarrik kideek liburua gustatu zaien edo ez komentatzea. hala, dinamizatzaileek liburua kontestualizatzen lagunduko dute, besteak beste autorari edo idatzia izan zen garai historikoari buruzko infomazioa emanaz.

Euskaraz eta gazteleraz

Bi talde sortzea da asmoa, euskarazkoa bata eta gaztelaniazkoa bestea eta zer nolako liburuak irakurriko diren galdetuta, Ibarrondok dio genero eta estilo ezberdinak lantzen saiatuko direla, baita komikiak ere. Ahal denean gainera, liburuaren idazlea ere ekarriko dute taldera.

Tertulixan baina, ez da Oñatin berriki martxan jari duten irakurleen talde bakarra. Pakel-Leku erretiratu elkartekoek ere euren taldea abiarazi dute. Euskarazko irakurketa taldea da, eta elkartekoen esanetan, asmoa da euskarazko irakurketa sustatzea. Astelehen honetan bertan izan dute lehen saioa, eta bertan Uxue Alberdi izan dute gonbidatua.

Antixenako gaztetxeak ere joan zen astean egin zuen sortu duten irakurketa taldearen lehen saioa.Otsailaren 22an izango da hurrengoa, eta Karmele Jaioren Ez naiz ni liburua izango dute ardatz.

Arantzazu Ibarrondoren esanetan, pozgarria da herrian hainbeste talde daudela ikustea, eta dagoeneko izan dute hartuemanik gainerako taldeekin. Adostu dute, esaterako, liburutegiak idazleren bat dakarrenean, beste taldeetakoak ere parte hartzea saio horietan.

Lehen saioa, apirilean

Tertulixan taldeari dagokionez, otsailean zehar egongo da izena emateko aukera, eta horretarako, Udal Liburutegira bertara joan behar da. Asmoa da martxoan irakurtzea lehen liburua, eta apirilean egitea lehen saioa. Doakoa da izen ematea eta irakurriko diren liburuen aleak gainera, Udal Liburutegiak berak emango ditu.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak