Angel Fernandez izango dute gogoan Oñatin asteburuan, heriotzatik 30 urtera

Julen Iriondo 2013ko otsailaren 1a

Garaiko hainbat mugimendutan ibilitakoa, lehergailu bat zerabilela lehertuta hil zen Iraultzako kide oñatiarra, 1983an. Hura gogoratzeko, erakusketa, mahai-inguru-afaria, gitarra saioa eta salda eta txorizoa –bertsolariekin– antolatu dituzte gaurko –egubakoitza– eta domekarako.

Domekan beteko dira 30 urte Angel Fernandez hil zela. Iraultza erakunde armatuko kide zela, Gasteizen, enpresa batean lehergailua jartzeko asmoa zutela, esku artean zerabilela lehertuta, hark eragindako zaurien ondorioz hil zen. Besteak beste, nuklearren kontrako mugimenduan, EMK alderdian, Zer Xabilau? udal kandidaturaren bultzatzaile, gaztetxearen sorreran eta mugimendu feministan ibilitakoa, Fernandezen izaera nabarmentzen dute San Martingo etxe okupatuko kideekin batera hura gogoratzeko asteburu honetako ekintzak antolatu dituzten garaiko lagun taldekoek.

Marrazketarako zaletasuna ere ba omen zuen Fernandezek, eta ibili ohi zen mugimenduetarako egindako zenbait kartel eta bestelako lanak erakutsiko dituzte egitarauaren barruan antolatu duten erakusketan. Hiruzpalau egunez egongo da ikusgai Antixenako gaztetxean, 1980an Lemoizen kontra Debagoienean egindako bizikleta martxa bateko bideoarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak