Gaurko –egubakoitza– Eraso eta Sharon Stoner taldeen kontzertuaren ostean (ikus Kultura saila), Inauterietan murgilduko da, bete betean, herriko kultura egitaraua.
Hurrengo egubakoitzean, hilak 8, disko festa izango da gaztelekuan, Oihan Vegarekin. Sarrera doan izango da.
Zapatuan, berriz, dantza izango da kalez kale, herritarrekin, aurten Oñatin propio prestatutako ikuskizunarekin. Goizean 11:30ean hasiko dira Olakuan, eta arratsaldean 17:30ean Kiroldegian. Oñatiko musikariek, Inauteriko lantaldeak eta Oñatz dantza taldeak gidatuko dute saioa. Amaiera ekitaldia 20:00etan izango da, plazan.
Domekan, Luzaidekoa
Hurrengo egunean, 11:00etan, musika bandaren emanaldia izango da, Santa Ana antzokian. 18:30ean hasita, berriz, Luzaideko Inauteriak egingo dituzte Oñatz taldekoek kalez kale. Txistulariekin eta musika eskolakoekin egingo dute kalejira.
Inauteri Martitzenean –hilak 12–, berriz, hau izango da egitaraua: Kiki, Koko eta Moko pailazoak gaztelekuan, 17:00etan; Misio Taldearen txokolatada solidarioa plazan, 18:00etan; txorimaloak, 18:30ean; eta Alaiki taldearen erromeria, 21:30era arte, 18:00etan hasita.