Finantza etikoari buruzko hitzaldiak hausnarketarako bidea eman die Elkar Heziko batxilergoko ikasleei

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urtarrilaren 28a

Hitzaldia Edurne Pujana Setem Hego Haizea Gobernuz Kanpoko Erakundeko teknikariak eman du. Pujanak ikasleei azaldu die hainbat banku eta aurrezki kutxa tradizionalek negozio militarretara eta armen mundura bideratzen dutela bezeroen dirua. Euren Gobernuz Kanpoko Erakundea, baina, finantza etikoaren barruan sartzen den kanpaina bat ari da sustatzen eta bertatik erakusten ari dira badaudela alternatibak bezeroen diru hori banka etikoaren barruan sartu eta helburu etikoak dituzten proiektuak bultzatzeko. Fiare izeneko proiektua jarri du adibide moduan.

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxeko batxilergoko lehenengo mailako ekonomiako ikasleek arreta bereziz jarraitu dute hitzaldia, klaseetan diruaren bilakaera aztertzen ari direlako eta ikasleek garbi ikusi dute oso garrantzitsua dela jakitea norberaren dirua non inbertitzen den.

Ekonomiako ikasleak ez direnak ere izan dira hitzaldia entzuten eta eurendako ere hitzaldia interesgarria izan da, ez zekiten hainbat gauzen inguruko informazioa jaso dutelako.

Justizia soziala

Martin Jauregialtzo Elkar Heziko kultura teknikariak azaldu digu, eurendako oso garrantzitsua dela ikasgaien bitartez ikasleei balore zehatz batzuk txertatzen joatea. Irakasleen helburua, beraz, izan da klase eta hitzaldiaren bitartez, ekonomiaren oinarria irakasteaz gain, justizia sozialaren balorea ere txertatzea. Eta jasotako informazioak ikasleei hausnarketarako bidea eman die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak