Auzokonposta egiteko aukerak, atez ateko hondakin bilketa sistemak ekarriko dituen gastuak, hondakina sartzeko ontziak apurtuz gero nola konpondu, bilketaren ordutegia zein izango den edo produktu jakin batzuk zein ontzitara bota behar diren. Horietxek dira orain arteko parte-hartze bileretan herritarrek izan dituzten kezka edo galdera nagusietako batzuk.
%25eko hobaria
Astelehen goizean Santa Anan egin zuten bileran ere kezka horietxek errepikatu ziren. Euskadi Etorbidea eta haren bueltan dauden kaleetako herritarrak zeuden deituta bilerara. Adi jarraitu zituzten Mikel Biain alkateak eta Leire Egaña ingurumen zinegotziak emandako azalpenak. Batzuk, gainera, apunteak ere hartu zituzten, atarian egin beharreko bileran azalpenak ondo emateko. Giro onean egin zen bilera.
Auzokonposta egiteko aukerak, esaterako, interesa piztu zuen. Horren aurreran, alkateak garbi azaldu zien betebeharreko eskuorrian aukera horren aldeko iritzia jarri arren, auzokonposta egiteko interesa duen herritarrak informazio bulegoetan eman behar duela izena. "Auzokonposta egiten duten herritarrei, hondakinen fakturan %25eko hobaria aplikatuko zaie", gehitu zuen.
Atez ateko sistemak ze gastu ekarriko dituen galdetuta, ez duela gastu gehiago eskatzen erantzun zion alkateak. "Egia da bilketa garestiagoa izango dela, baina hondakinetatik dirua etorriko da gero, eta frogatuta dago sistema bideragarria dela. Antzuolan ikusi da hori, estarako". "2013rako ez dugu aurreikusten igoerarik fakturetan, eta datozenetan izan daiteke KPIa igotzea", argitu zuen Biainek. Bilketa egingo duen enpresak eta langileak Oñatikoak edo ingurukoak izango diren galdetuta, "enpresa esleipen publikoz izendatuko da eta tamalez, udalak ezin du ezer egin herriko langabeak hor sartzeko, enpresak kontratuko ditu", erantzun zuen Biainek.
Ekarpenak ere bai
Atez ateko sistema bilketarekin, orain arteko edukiontzi batzuk mantendu egingo dira, hala nola, beirarena, olioarena eta oihalarena. Horri lotuta, herritar batek galdetu zuen zergatik ez mantendu papera batzeko edukiontzi urdina ere. "Horrelako ideiak, ekarpenak, jasotzeko gertu gaude, beraz, zuen eskuorrietan idatzi eta aztertuko dugu", erantzun zion Biain alkateak.
Hondakinak ateratzeko eta jasotzeko ordutegiari buruzko galderak ere egin zituzten herritarrek. "Bilketa gauez egiten bada ere, arratsaldez lana egiten duenak aukera izango du kuboa ateratzeko, lasai egon dadila. Bestalde, kontuan izan larrialdi guneak ere jarriko direla, bat Eteon eta bestea Garagaltzan. Arazoak konpontzen saiatuko gara beti. Gainera, ez da derrigorrezkoa beti ateratzea, sortu ahalaz baizik", azaldu zien Leire Egaña zinegotziak.