Txantxiku Ikastola
Egubakoitzean, hilak 25, egingo dituzte ate irekiak Txantxiku Ikastolan, 17:00etatik 19:00etara. 0 eta 6 urte artekoen gelak ikusteko aukera izango dute gurasoek, baita jantokia, informatika eta ingeles gela, adibidez. Bestalde, Potxin eta Patxin pailazoek emanaldia ere egingo dute, 17:00etan hasita hau ere.
Ate irekien aurretik, beste bi hitzordu: gaur –astelehena–, proiektu pedagogikoaren gaineko bilera informatiboa; eguaztenean, berriz, Nire haurrak jotzen du, nire haurra jotzen dute hitzaldia, Nerea Mendizabal psikopedagogoarekin. 18:00etan izango dira, herritar denentzat irekiak.
Elkar Hezi
Zapatuan egingo dituzte Elkar Hezin ate irekiak, Lehen Hezkuntzako gunean, 10:30ean. Hainbat ekintza ere izango dira: musikoterapia 0 eta 3 urte arteko haurrentzako eta hauen gurasoentzako –ekintza hau irekia da–; sukalde tailerra (3-6); eskulanak (LHko 1. zikloa) eta masaje alternatiboak (2. zikloa). 12:00etan luncha egingo dute. Musikoterapian parte hartu nahi eta eskolara bisita egin ezinda geratzen direnek izango dute aukera beste egun baterako eskatzeko. Bestalde, gaur hasita, astelehenetik eguenera ekintza bat –tailer, hitzaldi...– izango dute egunero datozen bi asteetan.
Errekalde
Zapatua da Errekalden ere ate irekietarako aukeratutako eguna. Irakasleekin eskola bisitatzeko aukera egongo da –informatika gela, psikomotrizitaterakoa...–, eta bien bitartean zenbait tailerretan –txapak, bitxiak... egiten– jardungo dute geletan eskolako guraso eta ikasleek.
19:00ak aldera, gainera, bertso eta dantza saioa egingo dute 6. mailako neska-mutikoek, eta Urgainen abestia ere kantatuko du eskolako abesbatzak. Txokolate beroa ere prestatuko dute, amaieran denek hartzeko.
Urgainen Zuazola gunean ere egingo dituzte ate irekiak, hilaren 29an, 18:30etik aurrera.