Beteranotasunak bakarkako talentua gainditu zuen

Xabier Urtzelai 2013ko urtarrilaren 20a

Natra Oñati aise gailendu zitzaion EHU Arabari zapatuan, Zubikoan (77-60). Partidu hasieran parean egon ziren indarrak eta bigarren zatiaren hasieran joko-txakaladia izan zuten oñatiarrek; baina gutxi iraun zuen horrek eta ostean Natra Oñatik ez zuen aukera txikienik ere eman. Hala, Oñatikoek ligako zortzigarren partidua irabazi zuten.

Urte gutxi barru baliteke zapatuan EHU Araba taldean zeuden hainbat jokalari saskibaloiaren gailurrean ikustea. Arabako taldeak Baskoniaren harrobiaz egiten du lan, eta etorkizuneko jokalariak izan daitezkeenak bertara bideratzen dituzte, lehiatzen ikas dezaten. Martinez, Gacic, Malmanis, Bordignon... Bihar edo etziko izarrak izan daitezke, baina zapatuan ezer gutxi erakutsi zuten, Oñatiko beteranoek Zubikoan legea ezarri zutelako.

Talde gaztea du EHU Arabak. Kapaz dira bost minutuan bakarkako hainbat jokaldi on egiteko, hori egiteko moduko kalitate oneko jokalariak dituztelako. Baina gaur egun Natra Oñatiri irabazteko hori baino gehiago behar da; oraingoz, ez dute oñatiarrei min egiteko talde-perfila –adi itzuliko partiduan.

Lehen laurdenean, parean

Partidua hasi eta lehenengo laurdenean parean egon ziren indarrak. Talde bakoitza bere jokoa ezartzeko lanean, markagailuak bi puntuko aldea baino ez zuen erakutsi laurden bukaeran, etxekoen alde.

Bigarren laurden hasieran kanpotarrak hainbat minututan azukre ontza moduan urtu ziren, eta gorritxoek tarte txikian 12 puntuko abantaila lortu zuten. Momentu horretan arabarren entrenatzaileak botatako oihuak –ez dugu idatziko– erakusten zuen ez zela onargarria modu horretan kontzentrazioa galtzea, eta bigarren laurdena amaitzerako txukundu egin zuten markagailua, 39-31.

Minutu tontoak

Bigarren zatiaren hasieran, berriz, lehenago aipatutako minutu tonto horiek Oñatikoendako izan ziren. Nahi baino partidu gehiagotan izaten dituzte oñatiarrek halako joko-txakalaldiak. Ez dute askorik irauten, baina zapatukoa nahikoa izan zen EHUkoei arnas apur bat emateko (39-35), eta markagailuan parekatzeko kapaz zirela sinestarazteko.

Baina ume bati gozokia erakutsi eta ostera ere poltsikora sartzea modukoa izan zen. Hala, Gorka Kintanak zapuztu zuen arabar gaztetxoen ametsa, hiruko eder bat (42-35) eta desagertu da gozokia. Hortik aurrera Natra Oñatik ez zuen aukera txikiena ere eman. Josean Cavada min hartuta dagoen de la Iglesiaren paperean, eta Ander Gartzia saskiratzaile nagusi moduan, gainontzekoek ere minutu onak izan zituzten kantxan –Zaleen gozamenerako geratu zen Bergarakoak 57-44koan egindako matea, hirugarren laurdena amaitzeko 15 segundo falta zirenean.
Hala, laugarren laurdenak ez zuen partidu hasieran aurreikusi zitekeen emoziorik izan –azken batean, EHU hirugarren dagoelako sailkapenean. Hala, Oñatikoek ligako zortzigarren partidua irabazi zuten (77-60).

Argazki lehiaketa

Saskibaloi sailak argazki lehiaketa jarri du abian. Hala, zapatuko partiduan zehar ateratako argazkiak jaso nahi dituzte, saskibaloiaren gaineko argazkiak–Zubikoan bertan ateratako edozein argazkik balioko du (partidukoa, harmailetako giroa, maskotarekin, jokalariekin ateratakoak...). Ondoren, urtarrilaren 26a baino lehen alonamendi.saskibaloi@gmail.com  helbidera bidali beharko dira argazkiak, bakoitzak bere datuak (izen abizenak eta telefono zenbakia) zehaztuta. Epaimahai batek argazki onena hautatuko du eta Urtarrilaren 29an jakinaraziko da zein izan den irabazlea. Irabazleak bi pertsonentzako bono bat irabaziko du Gasteizen jokatuko den Errege Kopa guztia doan ikusi ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak