Oñatiko Txantxiku ikastolak Txikitxoen Jardunaldiak 2013 ditu martxan, eta hilaren 9an hitzaldia egin zuen Gema Bikuña erizainak. Umea gaixotzen zaigunean nola jokatu behar dugun jakiteko gomendio interesgarriak eman zituen.
Sukarra da haurra gaixotzen denean lehen sintoma?
Bai. Sukarra agertu bezain laster joan ohi gara gurasoak sendagilearengana. Beharrezkoa da jaioberriekin, baina bestelakoetan gertatzen zaigu sendagileak ez digula botikarik ematen, eta horrek zapuztu egiten gaitu. Jakin behar dugu sukarra beste zerbaiten adierazle dela. 24-48 ordu behar izaten dira sukarra zerk eragin duen argitzeko. Izan daiteke otitis bat, angina batzuk, katarro bat... Horrelakoetan, sukarraren eboluzioa, eta umearen egoera orokorra kontrolatu behar ditugu, eta ibuprofenoa eman. Horiek eginda ikusten badugu sukarra ez dela jaisten eta haurra makal dagoela, orduan sendagilearengana joan behar dugu. Baina jakin lehenengo orduetan pediatrak seguruenik ezingo duela esan haurrak zer duen.
Eta normala da sarri gaixotzea?
Normala da negu partean umeek 7-8 gaixotasun episodio edukitzea. Katarroa, eztula, mukiak, gastroenteritisa... Haurra eskolara joaten da, eta kontaktuan dago beste umeekin. Prozesu horiek irauten badute 7-8 egun, eta neguko hiru hilabeteetan 7-8 bider gaixotzen badira, pentsa! Baina jakin behar dugu normala dela. Gurasoendako desesperagarria da, baina azkenean, immunizazioa horrela egiten da. Zer egin? Ba pazientzia, ahalik eta ondoen eraman, eta horrelako gauzak.
Batzuetan pediatrari botika bat errezetatzea eskatzen diogu.
Guraso askok antibiotikoa eskatzen dute kontsultan, baina jakin behar dugu beharrezkoa denean bakarrik hartu behar dela. Gorputzak badaki antibiotikoari erresistentzia egiten, eta ikasi egiten du. Beharrezkoa ez denean hartzea gure kalterako da. Beste akats bat da antibiotikoaren tratamendua ondo ez amaitzea. Hori ere gaixoaren kalterako da.
Eta ze eragin du haurra eskolara gaixorik bidaltzeak?
Ez da komenigarria. Sukarrarekin ezin da bidali, baina nahiko barneratuta daukagu hori. Gertatzen dena gehiago da haurra pattal egotea, eta norekin utzi ez dugulako botika eman eta eskolara bidaltzea. Arriskuak bi dira: alde batetik gainerako haurrak gaixotzea, eta bestetik gure haurrak beste edozein gaixotasun hartzea une horretan defentsak baxu dituelako. Arduraz jokatu behar dugu.