Motel hasi zen partidua oñatiarrentzat, erasoan sartu beharreko eremu barruko hiruzpalau jaurtiketatan asmatu ezinda. Lehen hamar minutuen osteko lau puntuko desabantaila, baina, laster zuzendu zuen EBA ligako liderrak. Lehen huts egindakoen antzerakoetan asmatzeaz bat, defentsako lana ere hobetu eta nafarrei asko kosta zitzaien saskiratzeak egitea: zortzi puntuan geratu ziren bigarren laurdenean, eta etxekoek 21 egin zituzten, atsedenaldira partidua bideratuta joateko (32 eta 23).
Eta bigarrenean bideratutakoari hirugarrenean eman zioten segida. Ander Gartziak jarraian egindako bi hirukok eta Xabier Osaren hirugarren batek, kontraerasoan egindako beste zenbait saskiratzerekin batera, hogei puntura eraman zuten aldea.
Laurdenaren amaieran, dena den, beste bi hirukorekin erantzun zuten kanpokoek, eta saskiratze osteko jaurtiketa libre batean errebotea hartu eta lau puntuko jokaldia eginez hamahirura gerturatu ziren berriro, baina hori besterik ez. Azkenerako berriro handitu zuen aldea Natrak.
Nabarmentzekoa oraingoan Xabier Odriozolak egindako lana, hogei punturekin.