1993. urtetik ska, reggae eta rock doinuak lantzen dituen Betagarri taldeak kontzertua eskaini zuen egubakoitz gauean Oñatiko gaztelekuan. Talde gasteiztarrak 2012ko urrian Zorion Argiak izeneko lana kaleratu zuen eta, orain, zuzenean aurkezten dihardu.
Betagarrik, aurten, oholtza gainean 20 urte beteko ditu eta hori ospatzeko, ondoen dakitena egiten ari dira: oholtza gainean beraien abestia jo eta ska, rock eta reggae doinuekin publikoa dantzan jarri. Urrian kaleratutako lan berriaren abestiak ez ezik, taldeak bere ibilbidean egindako abestiak ere jotzen dituzte kontzertuetan.
Gaueko 23:30 aldera igo ziren zazpi musikariak gaztelekuko oholtza gainera. Emanaldia Zorion Argiak lanaren hiru abestirekin hasi zuten, eta nahiz eta abesti berriak izan, taldearen jarraitzaile gazteenek ondo baino hobeto zekizkiten hitzak. Horren ostean, taldearen abesti ezagunagoekin jarraitu zuten: Bidea gara eta Sweet Mary. Abesti horiekin, taldearen jarraitzaileak kontzertuan sartu ziren eta taldeak momentu hori aprobetxatu zuen lan berriko beste abesti sorta bat jotzeko, tartean, Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxeari eskainitako Udazkenarekin batera.
Emanaldiak aurrera egin ahala, taldearen klasikoak jotzen hasi ziren eta publikoa animatu eta mugitzen hasi zen. Betagarrik oholtza gainetik ikusleari transmititzen dion alaitasuna kutsakorra dela esan daiteke.