Marketin mugikorraren gaineko jardunaldi irekia egingo du MUk bihar

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 10a

Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintzako fakultatearen Oñatiko campusean, bihar, egubakoitza, esperientzia praktikoak  eta marketin mugikorrarekin lotutako kontzeptuak azalduko dira. Diziplina hori "mobile marketing” izenez ere ezaguna da, eta gailu mugikorren bidez egindako marketin ekintzen diseinuaren eta ezarpena  hartzen ditu barne. Jardunaldia denondako dago zabalik.

Joateko interesa duenak unibertsitatearekin harremanetan jarri behar du, migarzabal@mondragon.edu helbidean edo 943 71 80 09 telefonoan.

Hitzaldiari Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultateko zuzendari akademiko Mikel Mesonerok emango dio hasiera 14:15ean, ekitaldiaren aurkezpena eginez. Ondoren, ohPlay-ko koordinatzaile orokorra eta Dada Company-ko bazkide sortzailea den Jose Maria Martinezi emango dio hitza, eta horrek inaugurazio-konferentzia eskainiko du, Marketin mugikorra: bilakaera eta/edo iraultza izenekoa.

16:00etan lehen kasu praktikoak azaltzen hasiko dira, Deskontu.com-eko sortzaile Txomin Jauregiren eskutik. Horren ondoren, Garaia Guneko Enpresa Digitaleko eta Mondragon.edu-ko eta mukom.mondragon.edu-eko kudeaketa-kolaboratzaile  Iñaki Lakarrak esku hartuko du. Lehen partea Filmatu.com-en sortzaile Alvaro Andoinen kasu praktikoekin amaituko da.

Atsedenaren ondoren, esperientzia praktikoen bigarren parteari helduko zaio, Eroski markaren arduradun Eduardo Sainen eskutik, eta gero Diseño Web Weiss Communication-eko software-sortzaile Alex Acostaren eskutik.

Hitzaldiari amaiera emateko, Mondragon Unibertsitatearen Eskola Politeknikako irakasle eta ikertzaile Dani Reguerak honako hitzaldi hau eskainiko du: SEOa  eta nola optimizatu marketin mugikorrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak