Joan den irailaren 27an jarri zuten martxan E-rezeta edo errezeta elektronikoaren pilotua Oñatin. Gipuzkoan sistema berri hau ezarri zen lehen herria izan zen Oñati, eta ordutik hona 4 hilabete pasatu dira. Lehen fase honen balorazioa zein izan den jakiteko, Oñatiko Igartua farmazian izan gara Amaia Igartuarekin. Bere esanetan orain duela 4 hilabete baino askoz ere hobeto moldatzen dira eta sistemak oraindik ere arazo batzuk ematen dituen arren pixkanaka hobetuz doa. Horrez gain herritarrek aurrera pauso bat eman dute errezeta elektronikoaren erabileran.
Herritarrentzat abantailak
Errezetak saltzeko sistema berriaren balorazio positiboa egin du Igartuak. Ordutik, paperezko ohiko errezetaren ordez, osasun txartel berria aurkeztu beharko izan dute herritarrek farmazian. Eta herritarrak hasierako beldurrak alde batera utzi ondoren, eroso sentitzen dira errezeta elektronikoaren sistemarekin. Hauentzat abantailak besterik ez dituela ekartzen uste du Igartuak, batez ere gaixo kronikoentzat, orain ez dutelako hilero osasun etxera joan beharrik euren botikak lortzeko. Igartuaren esanetan, mentalitate aldaketa bat egon da erabiltzaileen artean eta gaur egun ez dituzte lehen beste botika eramaten etxera, bakarrik behar dituzten horiek hartzen dituztela azpimarratu du gainera. Beraz onarpen edo arrakasta handia izan du Osakidetzak ezarritako proiektu berri honek.
Ezarpen plana atzeratu egin da
Hala ere, Osakidetzaren errezeta elektronikoaren ezarpen planak atzerapen nabarmenak jasan ditu, beraz ez da uste bezain laster beste herrietara hedatuko. Amaia Igartuaren ustez, badirudi gobernu aldaketa dela medio, uste baino denbora gehiago beharko dela sistema hau Euskal Erkidegoko farmazia guztietara hedatzeko.