Aloñak erraz garaitu du Hondarribia

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urtarrilaren 6a

Partidu oso ona eta polita egin zuen zapatuan Aloña Mendik etxean Hondarribiaren aurka. Andoni Azkargortaren mutilek defentsan lan oso ona egin zuten eta aurkariei aukera gutxi utzi zieten oñatiarrek.

Lehenengo ordu laurdenean partidua oso parekatuta joan zen baina gero Aloña dominatzen hasi zen eta aukerak sortzeko lan egin zuten. Lehenengo zatian, hala ere, atakean ez ziren oso fin ibili eta 0-0 bukatu zuten.

Bigarren zati hasieran, berriz, Gaizka Irizarrek gola sartu zuen eta ondoren etorri zen Iñigo Zubiarena. Bigarren gol hori sartu arte Aloñakoek izan zuten partidu guztiko nagusitasuna. Bigarren gol horren ostean, baina, Aloña bat gutxiagorekin geratu zen Iker Olalde jokalaria kanporatu egin zuelako epaileak. Azken hamar minutuetan arerioek oñatiarrak estutu zituzten, baina orduan ere atzean sendo egon ziren eta partidu nahiko "erosoa" izan zuten entrenatzailearen hitzetan.

Datorren domekan Lagun Onak izango dituzte aurkari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak