Oñatiarra da Debagoieneko urteko aurreneko jaioberria

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 2a

Carla Lumbreras Delgado deitzen da Debagoienean 2013an jaio den aurreneko haurra. Goretti eta Angel ditu ama eta aita eta Arrasateko ospitalean aurkeztu digute beraien alaba iritsi berria.

Aurreneko gaua negarrez eman duela esan diguten arren, Degagoieneko Ospitalera egin dugun bisitan, gustura aurkitu dugu sehaskan lotan, Carla Lumbreras Delgado oñatiarra.

2013ko urtarrilaren 1ean, 02:40etan jaio zen eta mundura etortzeaz batera, urteko Debagoieneko lehenengo jaioberri titulua eskuratu du oñatiarrak.

2,960 kilotako neskatoa da eta poz-pozik aurkitu ditugu Carlaren gurasoak ospitaleko gelan. Angel eta Goretti oñatiarrek adierazi dutenagatik, 2012ko abenduaren 29rako espero zuten Carlaren etorrera. Baina neskatoak ez zeukan irteteko presa handirik, eta ia hiru egun gehiago itxaron behar izan zuten Carla txikiaren aurpegia ikusteko. Gurasoek gainera, nahiago zuten urtarrilekoa izatea, eta kasu egin die antza neskatoak.

Zorionak familia, eta ongietorri mundura, Carla!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak