Aitor Biain Ganbara Gazte eta Txiki abesbatzetako zuzendariak esan zigun gospel doinuak Gabonekin erlazionatzen ditugula Euskal Herrian behintzat eta eurek bazutela gogoa bereziki gospel programa bat lantzeko. Horretarako, Gabon egun hauek aprobetxatu dituzte eta kontzertu berezia eskaini zuten atzo. Gainera, Ganbara Gazte eta Txiki abesbatzen lehenengo aldia izan zen bereziki gospel programa baten kontzertua eskaintzen zutena.
Kontzertu didaktikoa
Kontzertuak izan zuen berezitasun bat gainera; kontzertu didaktikoa izan zen. Gospelaren nondik norakoak azaltzeko, ikus-entzunezkoak erabili zituzten eta irudietan ikusten zena Miel Guridi narratzaileak azaldu zuen.
Abesbatzak eta orkestra
Kontzertuan parte hartu zuten bi abesbatzak hiru hilabete inguru ibili dira atzoko kontzerturako entseatzen; urrian San Migel jaien ostean, hasi ziren egitaraua prestatzen eta azkenean atzo taularatu zuten ikasitakoa. 16 kantuz osatutako programa izan zen jendaurrean eskaini zutena. Abesti ezagun hauek abestu zituzten kontzertuan: Amazing Grace, When the saints go marching in, Oh happy day edota Ain´t no mountain high. Abesti ezagun horiez gain, hain ezagunak ez diren beste batzuk ere eskaini zituzten Ganbara Gazte eta Txiki abesbatzek.
Kantuak taularatzeko gainera, orkestraren laguntza ere izan zuten programari erritmo gehiago emateko. Eta abesbatzetako abeslariak kantuan egiteaz gain, dantza ere egin zuten.
Aitor Bian zuzendaria eta gainontzeko partaideak ilusioz eta gogoz zeuden kontzerturako. Santa Ana aretoa jendez lepo bete zen protagonisten guraso, aiton-amona eta lagunekin eta gospel doinuak oso txalotuak izan ziren.