"Bateratasuna beharrezkoa delako" Oñati errudun jo du Debagoienak

Maider Arregi 2013ko urtarrilaren 1a

"Nortasuna muturreraino eramatea ez delako zilegi, Oñati errudun", horixe Piper Hautsa epailearen ebazpena. Oñati errudun jo du Debagoienak. "Inkomunikazio interesatua" leporatu diote hasiera hasieratik ibarreko herri guzti guztiek, aho batez Oñatiri. Hala, gaur iluntzean egindako toberan, Oñatiko Egoitz 'Pikategi' abokatuak ondo baino hobeto defendatu arren, epailearen azken hitzak errudun jo du Oñatiko herria bateratasuna aldarrikatuta. Jarrain epaiketaren gaineko xehetasunak.

ALBISTEAK

Oñati errudun, horrek ez du bueltarik toberaren ostean. "Sasi-epaiketan", epelak eta bi esan eta entzun ditugu. Kontu zahar eta berriekin, asko gainera betiko mito eta topikoak; herritarrak xaxatzea zen helburuetako bat eta batutako iritzi sortan behintzat ikusten da toberak komentarioen soka ekarriko duela orain. Ohitura hartu beharra dagoela diote guztiek eta errebantxa egarria ere badago dagoeneko oñatiarren artean. Oñatiko pilotalekua, goraino bete duten ikusleak, irribarrea aurpegian atera dira; taula gainekoak zein atzekoak ere ezin harroago egon daitezke egin duten lan bikainarengatik.

Debagoiena eta Oñati aurrez aurre

Guardia zibilen patruila ez da oztopo izan debagoiendarrak toberara iristeko. Epailea ere justuan iritsi da Oñatira Brinkola-Oñati trena hartuta. Brinkolan azaldutakoan ohartu da epaile jauna Brinkola ez dela Oñati. Oztopoak oztopo, Bederatziak bat lelopean, eta pilotalekua lepo (jendea eskaileretan eserita) eman dio hasiera toberari oñatiko pregoilariak: "Antza danez, denek dute gure kontra zerbait. Eskerrak ez garela Oñatitik asko irteten. Oñati paketsua da! Oñatiarrak munduko onenak gara! Eskerrak oñatiarron ohorea defendatzera etorri zaretela".

Berehala hartu du hitza Don Prudentzio Piperhautsak, Debagoieneko ilustratuak. "Hurrengo epaiketa Renferen aurkakoa egingo dut... baina gaurkoan Oñati da izpide. Zer den egia eta zer esamesa ikusiko dugu. Bailara bera dago jokoan. Jakin deizuen Bergara eta Arrasate askoz ere hobeto konpontzen dira iazko toberatik", azaldu du.

Hitza berehala hartu du Naroa Elortza fiskal arrasatearrak: "Oñatiren defentsa erdi getariarra erdi oñatiarra da,  Egoitz Pikategi abokatua. Oñatik elkarbizitzarako oinarrizko eskubidea urratu du. Oñatiren aurkako akusazioa inkomunkazio interesatua da! Oñatik uharte bat izatea gura du: Kontzejupetik mantendu dute euren albisteendako edo txutxumutxuendako, beti jaiak dituzte herritik ez irteteko, autobusak hutsik doazen arren, kexatu egiten dira ez dutela autobusik esanda".

Oñatik defentsa prest dauka ordea: "Nortasuna galduta daukate besteek; eta Kontzejupetik eta Goiena bateragarriak dira, eta gainera Goienako plantilla erdi oñatiarrak dira. Eta jaiak ondo pasatzeko ditugu eta kanpotik etortzen badira disfrutatzera ez da gure errua: Arrasate gastar, Oñati ahorrar eta Bergara aparentar. Gu uhartea bagara, zuek ze zarete abordagea egitera zatozten piratak?", argudiatu du Pikategik.

Zortzi herrietako akusazioak

Leitz Gatzagako alkatea lehena bere akusazioa azaleratzen: "Lehen, urdaiazpikoarendako, gatz bila asko etortzen ziren Oñatitik. Baina supermerkatuetara, dentistara... Gasteizera joaten dira. Esaten dute Oñatik erdiaroko itxura mantendu duen bakarra dela. Hori bakarrik falta zitzaidan entzutea! Gatzaga ikusi besterik ez dago".

Naroa fiskalak gaineratu du turismoa erakartzeko trikimailuak erabiltzen dituztela. "Oteizak apostolu bat gehiago egin zuen, eta Amabirgina txiki txikia, ez Dorletako ama bezala". Juana Arriaran testigu oñatiarrak aldiz, berak Arantzazu eraiki zuela dio: "Pello Zabala eta frantziskotarrak baino lehenago iritsi nintzen astoz ni. Nik milagroak egiten nituen gaitzak sendatzeko, eta non zegoen orduan Dorletako Amabirgina?", azaldu du Arriaran Arantzazuko señorak.

Aretxabaletako Iñurrimendi mendizalea izan da bigarrena. "Oñatiarrak basati samarrak zaretela entzun dut beti etxean. Gipuzkoako herririk handiena dela diozue gainera; baina herri erdi Albako Dukesarena da". Eta han azaldu da Albako Dukesa Alfontso senarra eskutik zuela jardina lapurtu diotela esanez kexaka... Eta momentua goxatzera klaxk txokolate beltza azaldu da agertokira: "Oñatiarren goxotasuna eta maitakortasuna defendatzera nator".

"Degurixa eta Urbixa ez dira Oñati!", gaineratu du Iñurri andereak. Baina, hala ere, garbi geratu da txokolatearen indarrari esker, Oñatiko Tximistek Everesterako lehen espedizioa egin zuela.

Eskoriatzako Madalen Minondo unibertsitateko ikasle finaren txanda. "Kirola egitea ona da, baina Oñati bigorexiko dago. Beno, baina unibertsitateaz berba egitera nator. Erdiaroko unibertsitate itzela duzue ezta? baina istoriko-arkitektonikoki soilik da ederra. Ez du sekula bete unibertsitate funtzioa, hilda jaio zen eta hilda egon da beti. Eskoriatzan ere unibertsitate ederra dugu. Oñatik ez du umanitateen eta jakintzaren esklusibidadea".

Rodrigo Mercado de Zuazaola azaldu da orduan bero-bero eginda. "Modernoegia, argiegia izan naiz beti. Gehienak analfabetoak edo noble nagiak zirelako unibertsitatera joateko. Baina ez da hilda egon nire unibertsitatea!".

Eneko Arbigara, arrasatearrak ere hitz egin gura izan du: "Oñati erdi mondrauen dabil lanian. Baina bi herriak ez daude batuta. Lanera etorri eta alde egiten dute. Herri zakarra dugula, erreka zikina....diote. Baina langabezi tasa txikiena dute Arrasateri esker. Konsumistak eta separatistak dira. Zer bildur dute harremanetan jartzeko ba?".

Pikategi: "Langabezia tasa publikatu zenetik, lapurra besterik ez dugu herrian". Frai Migel Aozarazakua igo da une horretan testigantza ematera: "Erlazionatzeko bildurra? normala niri Japonen ze gertatu zitzaidan ikusita".

Julen Kortabarria Oñatz taldeko dantzariak Korpus dantza Oñatin egitearen arroziak ere eman dio Arrasateko Arbigara dantzariari. "Zertarako nahi duzuen ikastea Korpuseko dantzak? zuenekin nahikoa ez ala?Nik Txarri-dantza behin ikusi nola egiten den Santamasetan eta listo, ez zarete irakastera etorri behar".

Manex Agirre Aramioko euskara teknikariari ere deitu dio fiskalak. "Oñatik aukera istorikoa galdu zuen Araban sartu beharrean, Gipuzkoan sartu zelako". Bertsotan neurtu dituzte Pikategik eta Agirrek indarrak.

Eta ondoren, Lope de Agirre ere testigatzera deitu du abokatuak. Aramaion ordea, Pedro de Agirre bat bazela diote, Amerika konkistatu zuena, eta Agirre hori Lope de Agirre dela, azaldu du aurrez fiskalak. "Ni leku denetan jaioa naiz Oñatin, Aramaion eta mundu osoan; nire moduko eroeak goraipatu beharko zenituzkete. Ni naiz Euskal Herriko erregea".

"Baina Oñatin erdi normalik ez al dago?", dio fiskal andereak. Berehala, txalo artean, Bergarako bi dandi testigatzera eta oñatiarren zorotasuna eta xelebrekeria bermatzera igo dira agertokira. "Oñatin jaio, Oñatin bizi eta ahal bada Oñatiar batekin". 

"Kuba txiki zuek sortu duzue, orduan zer da hori? zuek jarri diguzue ezizen hori. Zuek ligatzera etortzen zarete gurera", dio abokatuak. Ana Mari Lizeagak, garai hartan, Bergarako mutil dotoreak nola etortzen ziren eta zein jarrera zuten Oñatiko neskekin kontatu du. "Dantzarako garaian zela arrimatzen ziren! Pulpoak ziren".

Elgetakoak, elurteagatik, zuzeneko konexioan bere testigantza eman behar izan du: "Zuek duzue errua inkomunikatuta izatearena; gu inkomunikatuago gaude eta ez gara kexatzen, mugitzen gara".

Horri erantzunez: "Ura eta argindarra guk sortzen ditugu, Usako ere hor dugu debagoiendarren eskura".

Eta azkenik, Antzuolak testigatu du. "Oñati herri euskalduna da, euskara polita dauka... baina %64ko euskara erabilpena du eta guk %75!". Eta orduan testigu borobila igo da: Txantxikua. "Oñatiarrak bakarrak gara munduan, txantxikuak moduan, galtzear dago-eta gure nortasuna. Gevaratarren aurka gogor borrokatuta gure ohiturak eta euskara mantentzea lortu genuen, eta zuendako aholkua, zaindu maite duzun hori".

Epailearen epaia

"Toberak zirkua ematen du gehiago. Baina itxura zakar horren atzean badago nortasuna gordetzearen denfentsa. Epaile hau guztiz bat dator nortasuna defendatzearekin. Munduan egoteko modurik egokiena da. Debagoienean isolatuta egon da hiruburuetatik urrun; baina horrek auto-antolatzeko, lankidetzarako grina lortu du. Isolamendu horrek nortasuna eman dio gure bailarari. Orain isolamendua hautsi dute errepideek: aisirako, merkataritzarako, bizitzeko.... Beraz bai nortasunaren defentsari, baina ez bakarkeriari eta isolamenduari. Matriuska hutsik ez egoteko, beharrezkoak dira harremanak eta igurtziak. Gure herriek elkarrengandik aberastu behar dute. Gure herriek zentzua dute besteen ondoan. Bateratasuna behar dugu. Ez da zilegia nortasuna muturreraino eramatea. Horregatik Oñati errudun".

Penitentzia

1- Oñati Debagoeina da kartela jarri beharko da Herriko plazan.

2. Eskualdeko harremanetarako neurriak hartu behar ditu: toberan esandakoak hausnartzeko taldea sortu, Arrasate-Oñati lasterketaren norabidea aldatu, jaiak eta lige programak egin: maitasunaren karabana egin oñatiarrekin beteta.

Non izango da datorren urteko tobera?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak