Poteoan 12:00etan hasi ziren eta barazki erraldoien laguntza izan zuten gazteek; eurekin batera ibili baitziren porru burua, arto-burua, sukaldaria edota azenario erraldoia. Lagun horiek izan zituzten, garai batean sukaldaritza eskola izan zelako gaur egun gaztetxea den eraikina.
Eguerdian sukaldarien eskutik pregoia egin zuten eta bertan azaldu zuten gaztetxearen funtzionamendua asanblada bidez egiten dela, matxismoa edota arrazismoa ez direla onartzen eta irudimen eta sormenari zabalik daudela.
Gazteetako bi politikari moduan mozorrotu ziren eta ekitaldi ofizialetan bezala aurreskua dantzatu zieten politikariei herriko bi gaztek. Ondoren, zinta mozketa egin zuten.
Bazkaltzeko salda eta makarroiak hainbat saltsekin izan zituzten eta arratsaldean jokoak eta dantzak izan ziren. Egunari amaiera emateko, kontzertuak izan zituzten Zurraia eta Frantseska taldeen eskutik.
Maria Apaolaza gaztetxeko kideak esan zigun eguna "oso ondo" joan zitzaiela eta pozik zeudela. Gaineratu zigun gaztetxeak jendea behar duela, bestela ez dela posible.
Kamisetak eta kirol-jertseak salgai
Inaugurazioarekin batera, gaztetxearen logotipoa ere aurkeztu zuten eta irudi horrekin egindako kamisetak eta kirol-jertseak salgai izan zituzten. Kamisetak zortzi eurotan eta kirol-jertseak 18 eurotan.