Marisol Ramos eta Jone Elortza, biak Munduko txapeldun, saritu dituzte Oñatin

Julen Iriondo 2012ko abe. 22a, 13:23

Aloñako atletismo sailari, Alberto Lerari eta Eskola Kirolari ere egin diete aitortza, 2012ko Oñati Kirol Sarietan. Egubakoitz iluntzean egin duten ekitaldia udaletxean, eta Udana Motor Taldeak eta AMET espeleologia taldeak aipamen berezia jaso zuten.

Kirolariz bete zen egubakoitz iluntzean Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoa, amaitzera doan urtean gehien nabarmendu direnak saritu zituzten-eta.

Banakako sariak Marisol Ramos atletarentzat eta Jone Elortza sokatiralariarentzat izan ziren, epaimahaiak bakarra aukeratu ezin-eta. Izan ere, biak izan dira Munduko txapeldun 2012an: Ramos maratoi erdian, Finlandian –Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapeldun ere bai, modalitate eta luzera desberdinetan–; Elortza goma gaineko txapelketan, 500 kilokoan, Gasteizko Badaiotz taldearekin, Eskozian –zilarra ere bai 540 kilokoan, eta Euskal Herriko txapelketa bi pisuetan–.

Entrenatzaile lanagatik emandako saria Alberto Lera karatekarentzat izan da aurten, hainbat urtetan egindako lan isilagatik.

Norbanakoez gain, baina, taldeak ere saritu zituzten: talde onenarena Aloñako atletismo sailarentzat –149 domina aurten–, egindako lanaren eta lortutako emaitza onen ondorioz, Espainiako kros txapelketan taldeka lehiatua aurrenekoz; eta Eskola Kiroleko koordinatzaile eta gurasoentzat ere saria, urteetako lanagatik.

Aipamen bereziak

Aipamen bereziak, azkenik, Udana Motor Taldearentzat eta AMET, Aloña Mendiko espeleologia taldearentzat izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak