Oñatiko udalak ia 16 milioi euro t´erdiko aurrekontua izango du 2013an, aurten baino %4 gehiago; guztira, 16.438.000 euro. Eguenean egindako osoko bilkuran onartu zuen aurrekontua osokoak, Bilduko aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Komunikazio eta partehartzea, Barne antolaketa eta Aisialdi hezitzailea departamenduek, aurten baino diru gutxiago izango dute hurrengo urtean, baina gainerako sailek diru kopuru handiagoa izango dute.
Sarrerak eta gastuak, parean
Hurrengo urteko aurrekontua aurtengoa baino handiagoa izatea azpimarratu gura izan du Mikel Biain alkateak: "garai hauetan aurrekontua handitzea positibo ikusten dugu", adierazi zuen osokoa bukatu ostean. "Bestalde, aurrekontu egonkorra da. Hau da, sarrerak eta gastu aurruntak parekatuta daude, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu", gaineratu du. Aurrekotuak lantzen ibili direnak ere eskertu zituen alkateak osokoan: "pozik gaude 2013ko aurrekontua aurten onartu dugulako, eta eskerrak eman gura dizkiet azken hiru hilabete hauetan horretan lanean ibili diren lankide, herritar, eragile eta oposizioko kideei".
Lourdes Idoiaga EAJko bozeramaileak adierazi zuenez, hainbat puntutan ia adostasun osoa dute Gobernuko kideen planteamenduekin: "gizarte zerbitzuen arloan, adibidez, adostasuna handia da. Gainera, gure agintaldian planteatutako proiektuei jarraipena ematean, gure babesa izango dute". Hala ere, zenbait gabezia ere ikusten diote aurrekontuari, eta horregatik abstenitu dira. "Adibidez, guk proposatu dugu udalak jende gehiago kontratatzea langabeziari aurre egiteko. Gobernuak sei lagunen kontratazioa aurreikusten du. Badakigu Mankomunitatearekin beste aukera batzuk ere aztertzen ari dela, baina guk 15 lagun hartzeko proposamena egin dugu" zehaztu zuen Idoiagak.
ETEOren erabilera
Aurrekontuak jasotzen dituen ekimen nagusien artean dago, inbertsioetan konponketa lanei lehentasuna ematea, eraikuntzari baino. Hor sartzen dira, adibidez, Errekaldeko garajeen sarrerak egokitzea eta San Lorentzon, Aldapa taberna pareko plazatxoa konpontzea. Tenis pista tapatzea, kultura etxearen espazioaren egokitzapena eta ETEOko eraikinari emango zaion erabilera diseinatzea era 2013rako asmoen barruan daude.