Egoitz 'Pikategi'-k Oñati defendatuko du Debagoienaren aurrean gaur toberan

Maider Arregi 2012ko abenduaren 28a

Oñatik lan gogorra dauka gaurkoan bere nortasuna eta ohorea defendatu nahi baditu gaur arratsaldean egingo den  toberan. Izan ere, Debagoieneko herri guzti guztiek Oñati epaituko dute inkomunikazio interesatua egotzita. Hala, Oñatiko herria Egoitz Aizpuru Pikategi-k defendatuko duela erabaki zuten aho batez alkate eta zinegotzi bereziek ezohiko osoko bilkuran. Esan moduan, gaur da epaiketa, 19:30ean Oñatiko Zubikoan.

Zinegotzi berezien artean, herri mugimenduko eragileak ikusi genituen, guztiak bat eginda: Ganbara, Bertso Eskola, Odol-emaileak, Andraitz, Gazte Asanblada, Herrira, Trikitizaleak, Eskola publikoa, Musika Eskola, Txantxiku Ikastola, Elkar Hezi, Aloña Mendi, Oñatz, Pake Leku, Misio taldea eta Txanda.

 Bozketa egin ostean, ezohiko alkateak, Jabi Agirrek, herritar guztiak gonbidatu zituen abenduaren 28an Zubikoako pilotalekuan 19:30ean hasita, egingo den epaiketara joateko. "Gauden lekuan gaude eta ez dugu arazorik bailarako beste herriekin harremanetan jartzeko, baina gure nortasunari eutsita", nabarmendu zuen alkateak.

Akusazioa herriz herri 

Inkomunikazio interesatua oinarri hartuta, garraio publikoaren aitzakia, Kontzejupetik herri aldizkaria mantendu izana edota herriko jai propioak izatea ere aintzat ditu akusazioak. 

Arrasatek dio Oñati erdi Mondragoen ari dela lanean. Bergarak, oñatiarrek oñatiarrak hartzen dituztela bikotekide gisa umeak ere oñatiarrak izateko. Aramaiok dio 1855ean Gipuzkoan sartzea erabaki zuela Oñatik, eta euskarari kalte egin diola. Leintz Gatzagak, Arabako merkataritza-guneetara joaten direla eta Gatzagan ez direla ezertarako geratzen. Aretxabaletarrek lurraldetasun kontuak dituzte oinarri: Urbia eta Degurixa ez direla Oñati. Eskoriatzak dio oñatiarrek gauza asko ez dituztela onartzen. Adibidez, munduari asko eman dioten bakarrak ez direla. Elgetarrek, Oñati baino inkomunikatuagoak daudela eta inkomunikazio hori, oñatiarrek moduan, aitzakia gisa ez dutela erabiltzen. Antzuolak, ordea, Oñati baino herri euskaldunagoa dela.

Debagoieneko akusazioak prest, Oñatik esku artean defentsarako argudio bikainak dituela aurreratu digu Pikategi oñatiarrak.

-----------------

Aho batez onartu dute abokatua

Egoitz Aizpuru Pikategi-k defendatuko du Oñati. Ez du, gainera, nolanahiko lana izango. "Badakit gogorra izango dela, Debagoieneko herri guztiak Oñatiren aurka arituko dira-eta. Ez dago herri bakar bat ere gure alde egin duenik", azaldu digu Pikategi abokatuak. Oñatiko pregoilariak epaiketa aurrez iragarrita, bere burua eskaini du Pikategi-k abokatu gisa. "Ez naiz abokatu normala; esan gura dutinoiz ez dudala benetako epaitegi batean abokatu lanak egiteko aukerarik izan; baina esperientzia badaukat, ordea, ordu txikitan tabernetako barra aurrean auzi ezberdinak epaitu ohi ditut-eta. Eta gainera, akusazio benetan gogorrak defendatzen ere ibilia naiz, eskarmentua badut bai horretan", azaldu digu Egoitz Pikategi-k, Oñatiko ezohiko abokatuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak