Gabonetan herriko denda eta ekoizleen produktuak kontsumitzeko deia egin du Oñatiko Udalak

Txomin Madina Milikua 2012ko abenduaren 18a

Arratsaldean egindako agerraldian, Gabonetan kontsumo arduratsuaren alde egiteko deia egin die oñatiarrei Mikel Biain alkateak, eta zentzu horretan, baita herriko denda; jatetxe eta taberna; eta abeltzain eta nekazarien produktuak kontsumitzeko deia ere. Txanda elkartekoek bestalde,  'Prezio eta pisu zehatza asmatu' ekimenaren berri eman dute agerraldi berean, eta iragarri dute datozen egunotan ordutegiak moldatuko dituztela oñatiarrek erosketak herrian egin ditzaten.

Gabonetan erosketa eta kontsumoak gora egiten duela eta, kontsumo arduratsuaren alde apustu egiteko deia egin die Mikel Biain alkateak oñatiarrei. Horregatik, Bianiek erosketetarako zein ospakizunetarako herriko denda, ostatu, nekazari eta abeltzainengana jotzera animatu ditu herritarrak: "Gure iritziz arduraz eta erantzunkizunez kontsumitzea gertukoenekin, lokalarekin, etxekoarekin arduratsu jokatzea da; eta zeintzuk gertukoago, lokalago eta etxekoago gure dendari, ostalari, abeltzain eta nekazarriak baino?".

Txanda elkarteko hainbat ordezkariren eta herriko nekazari eta abeltzainekin egindako agerraldian, alkateak gaineratu du bistakoa dela kontsumo ohiturak aldatu egin direla, eta gaineratu du aldaketa hori enpresa handien menpe egotearen ondorio dela. Saltoki handien jokatzeko modua kritikatu du Biainek: "Saltoki handiak tokiko ekonomiarekin talka egiten dute, elikadura globala defendatzen dute, merke erosten dute munduko edozein lekutan, eta herritarrekin inolako lotura kulturalik ez daukate. Hori guretzako aldaketa handia eta negatiboa gertatu da".

Adierazi du era berean, Udalak, bere ahalmenaren arabera,  bertako ekoizle eta merkatarien aldeko apustua egiteko konpromisoa egiteko konpromisoa hartzen duela.

Txandak ekimen ugari

Txanda elkarteko ordezkariek datozen asteotarako duten ekimenen berri ere eman dute gaur arratsaldeko agerraldian. Iaz bezala, dendetako askotariko produktuekin erakuslehio bat jarriko dute, eta herritarrek asmatu beharko dute produktu horien guztien prezio zehatza zein den. Baina aurten, janariz eta edariz betetako otzara bat ere jariko dute, eta kasu honetan, produktuen pisu zehatza zein den izango da asmatu beharko dutena. Lehiaketan parte hartzeko, Txanda elkarteko dendetan erosten duten erosleei txartel bat emango zaie, bertan pisu edo prezio zehatza jartzeko. Errege egun bezperara arte parte hartu ahalko da, eta urtarrilaren 11an emango da jakitera irabazlea

Honetaz gain, erosketak Txanda txartelarekin egiten dituztenen artean 5, 10, 20 eta 50€ko erosketa bonoak zozketatuko dira.

Ordutegiei dagokienez, hainbat dendak moldatu egingo dute ordutegia herritarrek erosketak herrian egin ditzaten. Hala, zapatu honetan goizez ordutegi normala izango dute, eta arratsaldean, itxita egoten diren askok ateak zabalduko dituzte. Abenduaren 24an eta urtarrilaren 5ean, bestalde, goizean 14:00ak arte egongo dira zabalik.

BoMag aldizkaria ere aurkeztu dute agerraldian. Aldizkari honen bultzatzaileetako bat  den Arantzazu Egoskozabalek azaldu duenez herriko merkataritza bultzatzea du helburu bi hilean behin argitaratuko den agerkari honek. Horretarako herriko merkataritzaren irudia indartu gura dute; baita herritarrendako informazio praktikoa eman ere. "Oñatin badauzkagu ondo bizitzeko aukera ematen duten zerbitzuak, eta hori aprobetxatu egin behar da; bestela, desagertu egingo da" esan du Egoskozabalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak