Jarraiko zazpigarren garaipena oñatiarrendako

Leire Kortabarria 2012ko abenduaren 17a

Ezin hobeto bukatu du urtea Natra Oñatik, zapatuan Valladoliden etxean oso indartsua den aurkariari, Universidad de Valladolidi eroso irabazita (62-81), eta A taldeko lider segitzen du.

Gabonetako oporrak bolada onean hartuko dituzte oñatiarrek: jokatu dituzten azken zortzi partiduetatik, zazpi irabazi dituzte eta bakarra galdu, eta taldeko liderrak dira, 15 punturekin.

Aratz Losadak esaten duenez, "hasieratik nahiko indartsu jokatu zuen taldeak, eta aldea ateratzen hasi zen". Hala, lehenengo laurdena 18-27 partzialarekin bukatu zen. Bigarren laurdena ere "oso ondo" jokatu zuen Natra Oñatik, eta 30-48 zebiltzala bukatu zen tarte hori. Universidad de Valladolidek hirugarren laurdenean lortu zuen distantziak txikitzea: "Lehenengo bost minutuetan apalago jokatu zuten eta etxekoak gerturatu egin ziren, baina bigarren bost minutuetan berriz 20-25 ipini ziren", kontatzen du Losadak. Hala, hirugarren laurdena 14-21 partzialarekin bukatu zen. Dagoeneko norgehiagoka poltsikoan zuen Natra Oñatik, eta laugarren laurdenean lasaiago jokatu zuten, 18-12 partziala eginez. Ander Gartziak egin zituen partiduko puntu gehien, 19. 

Aratz Losadak esan duenez, Natra Oñati "talde hobea" zen Universidad de Valladolid baino, baina ez zuten irabaztea espero: "Eurak gazteak dira, oso modu intentsuan jokatzen dute denbora guztian, eta etxean oso deserosoa da talde hori: iaz, 14 hilabetean partidu bat ere ez zuten etxean galdu. Beraz, bagenekien partidu arriskutsua eta zaila izango zela". 

Urtarril erdialdera arte atseden hartuko dute EBA ligakoek. Eta orduan ere, kantxa faktorea alde dutela eutsiko diote ligari Natra Oñatikoek, izan ere, bi partidu jarraian etxean jokatuko dute. Hirugarrena kanpoan jokatuta amaituko da ligako lehenengo itzulia.

Beti taldearekin 

Saskibaloi taldeak eskerrik beroenak eman gura dizkie zaleei, etxean zein kanpoan babesten dutelako taldea. Zapatuan, 25 bat zale izan ziren Valladoliden animatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak