Elkartasuna, baina, erren gelditzen delako, justizia sozialarekiko elkartasun mezua da Elkar Hezik zabaldu gura izan duena. Azken hamabost egunetan Elkargunian egin dituzten ekintzek ere helburu horixe izan dute, eta aurten Kolonbiako egoeraz jardun dira bereziki.
Gaurko azoka, beraz, abenduko lehen hamabostaldirako antolatu dituzten ekitaldietan azkena izan da, eta beste behin, erantzun ona izan du. 10:00tan hasi dira postuak jartzen herriko plazan eta eguerdia gerturatu ahala, gero eta herritar gehiago hurbildu da azokara. Kolore, itxura eta jatorri anitzeko produktuak izan dira ikusgai eta erosgai: bidezko merkataritzako postuan, estareko, Kolonbiako kafea, cacao krema edo pasta biologikoak eros zitekeen; Calcuta Ondoan izeneko erakundeak, liburuak, kamisetak eta DVDak ekarri ditu besteak beste; Usurbildik etorri den Etiopia Utopiak, berriz, aterkiak, mailotak, mantelak, ordenagailuko sagua jartzeko alfonbrilak edo edalontziak ekarri ditu; Oñatiko Bubulum erakundeak, poltsak eta bitxiak; Zazpi Udaberrik, berriz, pultserak, lepokoak eta koadroak; Oñatiko Caritas elkarteak jolasak ...
Gobernuz Kanpoko Erakundeen postuez gain, Elkar Heziko ikasleek egindako gozogintza postuak, txosna, Agenda 21 txokoa, aurpegi margoketa txokoa eta zapatak biltzeko gunea ere jarri dituzte azokan.