Datorren eguenean, hilak 20, jarriko ditu Udalak Gabon apaingarriak herriko plazan eta bi kale nagusietan: kale barrian eta kale zaharrean. Udaletxean dagoeneko jarri dituzte apaingarri batzuk, baina apainketa nagusia eguenean egingo dute.
Ikastetxeen lankidetza
Herriko ikastetxeen lankidetza izango du aurten Udalak Gabonetako apainketa egiteko. Joan den urtean bezala, birziklatutako material erabiliz egindako eskulanak ari dira egiten herriko ikasleak, herriko plaza eta ondoko bi kaleak apaintzeko erabiliko dituztenak.
Joan den urtean ez zuten Gabon zuhaitzik jarri plazan, eta herritar askok faltan bota zuten. Horrela, aurten zuhaitza jarriko dute, baina ez da orain arte jarri izan duten modukoa izango, berezia, baizik. Kaleetan jarriko dituzten gainerako apaingarrien antzera, zuhaitz hori ere birziklatutako materialarekin egindakoa izango da. Zehazki, plastikozko botilekin egindako zuhaitza izango da, eta hori ere, eguenean jarriko dute herriko plazan.
Atez ateko bulegoa ere bai
Kale zaharrean dagoen atez ateko bulegoa ere apaindu gura dute, eta horretarako, deialdia egin dute herritarrek apaingarriak eraman ditzaten bulegora, birziklatutako materialarekin egindakoak. Material berrerabili edo birziklatuz egindako edozein apaingarri, artelan, eskulan, bitxi eta antzerakoak eraman daitezke bulegora, eta horretara animatu gura dituzte herritarrak. "Oraindik ez dugu apaingarririk jaso baina badakigu, adibidez, papin bat egiten ari direla eta bukatzean ekarriko dutela. Kartoiarekin altzariak eta bestelakoak egiten dituztenak eta birziklatutako bitxiak egiten dituzten zenbait herritar ere jakinaren gaineran daudela badakigu, eta datozen egunetan hasiko gara jasotzen apaingarriak", dio atez ateko bulegoko langileak. "Gainera, horrelako apaingarriak edozein momentutan ekar ditzakete bulegora, ez bakarrik Gabon sasoian. Materiala berrerabilita edo birziklatuta zer egin daitekeen erakutsi gura dugu", gaineratu du.