Gobernuz Kanpoko 18 erakunde eta postu ugari biharko elkartasun azokan

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko abenduaren 14a

Elkar Hezik antolatuta, hainbat produktu erakutsi eta oinetako bizikleta bilketa egingo dituzte.

Bihar, zapatua, egingo du Elkar Hezik urteroko Elkartasun Taupadak izeneko azoka. Herriko plazan izango da, 10:00tatik 14:30era bitartean.

Euskal Herri osoko 18 Gobernuz Kanpoko Erakunde etorriko dira. Bakoitzak, egiten dituen proiektuen inguruko informazioa eta dituen produktuak ekarriko ditu, erakusteko eta saltzeko.Horrez gain, baina, beste hainbat postu ere egongo dira, tartean, Eskola Agenda 21eko postua. Txoko horretan, hondakinen gaiarekin lotutako erakusketak eta berrerabilitako olio eta ontziekin xaboia egiteko tailerrak egingo dituzte. Aurpegi margoketa tailerra ere izango da.

Zapatak  eta bitxiak
Joan den urteko arrakasta ikusita, aurten ere oinetakoen bilketa egongo da Bilboko Zorua oinetako dendaren bitartez. Zapata horiek, Saharara bidaliko dituzte gero. Horrekin batera, bizikletak ere batuko dituzte, Gazteak eta Garapena izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearen eskutik. Bizikletak, Beninera bidaliko dituzte.
Bestalde, Elkar Heziko guraso eta ikasle zein irakasleek egindako gozogintza eta berrerabilitako bitxigintza postuak ere jarriko dituzte. Bi postu horietan batuko duten dirua, Maliko proiektuetara bideratuko dute. Perkusio emanaldi txiki bat eta txosna ere egongo dira goizean zehar.

Elkartasun azokak, Elkar Hezik antolatutako abenduko lehen hamabostaldiko egitarau oparoa bukatuko du. Tartean, gaur bertan batxilergoko lehen mailako ikasleek natura eta artea uztartzen dituen Garaionekin egingo duten naturartelana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak