Bera Bera eta Zuazo Barakaldo eskubaloi taldeek partidua jokatuko dute bihar, zapatua, Zubikoan, 18:00tan. Aloña Mendiko eskubaloi sailak antolatu du partidua.
Emakumezko eskubaloiak Serbian du orain hitzordu garrantzitsua, Europako txapelketa jokatuko dutelako han. Hori horrela, ohorezko mailako taldeak erdi oporretan daude, eta geldiune hori aprobetxatu gura izan du Aloña Mendik, goi mailako bi talde Oñatira ekartzeko. Bera Bera taldearekin harreman ona du Aloña Mendik, eta harreman hori baliatuz, talde horrekin kontaktuan jarri ziren oñatiarrak herriko jaiak pasatu zirenean. Talde aurkaria, Zuazo Barakaldo izango da. Abenduko geldiunea pasa ostean, urtarrilean jarraituko du emakumezkoen ligak, eta lehen partidua, hain zuzen, Bera Bera eta Zuazo Barakaldo taldeen artekoa izango da.
Urtarrilean, aldiz, gizonezkoek mundiala izango dute jokoan Espainian, eta geldiune hori aprobetxatuta, Asobal ligako bi talde ekarri gura ditu Aloña Mendik Oñatira. Dagoeneko jarri dira harremanetan talde batekin baino gehiagorekin.
Bera Bera eta Zuazo Barakaldoren arteko partidua doan izango da.