Guztiz jasangarria den Europako lehenengo denda inauguratu du Eroskik Oñatin

Txomin Madina Milikua 2012ko abenduaren 13a

Gaur eguerdian inauguratu dute ofizialki Oñatiko Eroskiren supermerkatu berria, %100 jasangarria den Europako lehenengo denda. Bertan egon dira Eroskiko, Aldundiko eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari, eta denek ere goraipatu egin dute horrelako denda bat zabaltzea.

Urriaz geroztik zabalik dagoen arren, gaur egin dute Oñatiko Eroskiren denda berriaren inaugurazio ekitaldi ofiziala eta bertan izan dira, besteak beste, Eroskiko arduradun eta langileak eta baita Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariak ere. Oñatikoa da %100 jasangarria den Europako lehenengo denda. Energia kontsumoa %65 murrizten du eta zero isurikoa deritzona da: CO2 isuriak neurri baten murriztu eta gainerakoak konpentsatzen dituena, hain zuzen ere. BREEAM España ziurtagiria lortzen lehen supermetkatua da, baita eta ISO 50001 ziurtagiria lortzen duen Europako lehenengo supermerkatua ere.

Agustin Markaide Eroskiko presidenteak esan du Oñatiko Eroski etorkizunera begira jarraitu behareko eredua dela, bide luze baten eman duten "lehen urrats garrantzitsua" . Tokiko produktuek duten presentzia azpimarratu eta honek dakartzan onurak ere zehaztu ditu. Iñaki Errazkin Aldundiko ingurumen diputatuak bere aldetik, erakundearen poza adierazi du, bere esanetan denda berriak adierazten duelako  energiaren kontsumoan aurreztu beharraren kontzientzia zabaltzen ari delako oñatiar eta gipuzkoarren artean. Ekonomia eredu berri baten beharra ere azaldu du Errazkinek, inertzia zaharrak gainditu eta energiaren kontsumoan eta hondakinen inguruan jokabide arrazionalak bultzatuz.

Arantza Leturiondo Jaurlaritzako jarduneko Ingurumen sailburuordeak bere aldetikhorrelako ekimenak bultzatzearen garrantziaz egin du berba: "Denda honek ederki erakusten du ingurumen-neurriak erantsiz enpresa jasangarriagoak, berritzaileagoak eta eraginkorragoak lortzen direla". Pilar Zorrilla jarduneko Merkataritza eta Turismoko sailburoerdeak bere aldetik aspektu ekonomiakoari egin dio erreferentzia batez ere, denda berria irekitzeak enplegua sortzen duela goraipatuz.

Inaugurazio hitzaldien ostean, ohiko zinta mozketa egin dute erakundeetako ordezkariek, eta gero instalazio berriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute bisita gidatuen bidez.

Protesta kanpoaldean

Inaugurazio ekitaldia eginduten bitartean, San Martingo asanbladako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute supermerkatu kanpoan Supermerkatu ereduari ez lelopean. Salatu dute etekin ekonomiko handiak ateratzeko supermerkatuek gertuko produktuak baztertu egiten dituztela, baita supermerkatu ereduaren etorrerarekin, denda txikiak gainbeheran daudela ere. Gaineratu dute supermerkatu ereduak tamaina txikiko nekazal eredu tradizionala desgerrarazi duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak