Goiz osoko ekimena izango da hau, ibilbide gidatu eta bideo emanaldi batez egituraturik egongo delarik. Ekimenaren babesleak Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioaren barne dauden zenbait eragile izan dira, hala nola, la Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, eta Oñati, Oiartzun, Aia eta Ataungo Udalak. Eta aldi berean, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta “Aitzabal” Arantzazuko Auzoetxearen kolaborazioa izan da. Jendaurre guztiari zuzendurik dago.
Zuhaitz motzak gizakiak ingurunean izan duen esku-hartzearen adibide argia dira, nazioartean lehen mailako ondare natural eta kulturaltzat hartutakoak. Gaur egun zuhaitzik lepatzen ez bada ere, zuhaizti lepatu garrantzitsuak geratzen dira Gipuzkoa osoan barreiatuta. Horri esker, «fosil etnografiko bizi» horiek abeltzaintza eta basogintza bateragarri egin zituen teknika baten lekukotasuna eskaintzen dute. Izan ere, teknika horren bidez, abeltzainek eta ikazkinek ekonomiagune eta langune bera erabili zuten. Batzuk zein besteak, abeltzainak zein zuhaitz lepatuak, historiaz hornitutako gure naturaren ikonoak dira.
Jendaurre guztiari zuzenduriko “Zuhaitz motzen” ekimen honi, txango labur batekin emango zaio hasiera, 9:00etan, Alvaro Aragon Ruano baso historialariaren eskutik. Bere azalpenen bitartez eta modu erraz batean, gure arbasoek basoak kudeatzeko erabiltzen zuten teknika nagusia, “Lepatzearena”, ezagutu eta honek utziriko kultur ondarea, zuhaitz motzak, bertatik bertara ikusi ahal izango dira. Txangoan zehar, besteak beste, Artasoko pago motzen basoa, Albitxuriko saroia eta Arrola eta Gesaltzako baserri guneak bisitatuko dira. Ondoren, 12:00etan, “zuhaitz motzak” bideoaren aurkezpena egingo da Arantzazuko auzoetxean. Bideo honek, XX. mendearen hirurogeigarren hamarkada arte iraun duen eta tamalez galtzen ari den, kultur ondasun hori jaso eta Euskal Herrian ia bere bizitza osoan jarduera zail eta gogor hartan aritu ziren pertsonei bihotzetiko omenaldia egitea nahi du. Bertan, lepatzearen teknika ogibide izan zuten zenbait gipuzkoarren bizipenak jasotzen dira. Emanaldia amaitzean, 12:45etan, Arantzazuko auzokideen eskutik, gaztaina erreak dastatzeko aukera izango da. Mendiko arropa eta oinetakoak ekartzea gomendatzen da.
Ekintzaren salneurria, helduentzat hiru eurokoa eta haurrentzat bi eurokoa da. Erreserbak telefonoz zein posta elektronikoz eta Arantzazuko Parketxean bertan.