Duela hilabete pasatxo jarri zuten martxan Oñatin Denok bat izena jarri dioten programa. Adingabeekin lan egingo duen programa honek bi arlo ditu: batetik arlo terapeutikoa legoke, edozein adinetako adingabeei zuzendutakoa eta familia terapetuta batekin eta familia hezitzaile batekin egingo dena. Bigarren arloa kalean garatuko da, gazteekin harreman zuzena izango duten kale hezitaileen bidez. Hauek batez ere 11 eta 17 urte bitarteko gazteekin egingo dute lan.
Prebentzioa da programa honen helburua Ainhoa Moiua Gizarte Zerbitzuetako teknikariaren esanetan: "Prebentzio goiztiarra egin gura dugu; ahalik eta azkarren, ahal bada arazoa gertatu aurretik lanean hasteko eta egoera zailago edo gogorragoetara ez heltzeko". Izan zentroari esleitu zaio zerbitzua,eta dagoeneko lanean ari dira, lan jardun erdian, bi hezitzaile eta terapeuta bat. Programa integrala izatea gura dute, eta berau lortzeko ezinbestekotzat jotzen dituzte herriko ikastetxe, kirol elkarte eta gainerako eragileekin elkarlana eta koordinazioa.
Ezagutzera ematen
Lan egiteko moduari dagokionez, nahi dena da hezitzaileek arazoak detektatzea, baina baita, inork arazorik balu, eurekin harremanetan jartzea ere. Javier Bravo eta Amaia Apraiz dira Oñatin lanean diharduten hezitzaileak eta Isidro Pouzas psikoterapeuta. Lanean hasi zirenetik herriko errealitatea ezagutzen dabiltza gero plan zehatzak planteatzeko. Gazteek hezitzaileak ezagutzea da orain egiten ari diren beste lanetako bat Iñigo Pouzasek azaltzen duen moduan: "Orain gu joango gara kalera, izan ere ezagutu egin behar gaituzte. Gero, espero dugu behin gu ezagututa, guregana etortzea".
Udalak Bidebarrietan duen lokaletako baten egongo da kokatuta zerbitzu hau, egun Pausoka elkartekoek erabiltzen duten lokalean, eta programaren kostua 100.000 euro ingurukoa izango da.