Kartelak jartzeko adierazpen libreko 12 gune jarri ditu Udalak herriko hainbat gunetan, erdiguneko kaleetan eta San Lorentzo eta Olakua auzoetan, zehazki. Kartelak jartzeko lehendik zeuden panelak aldatu egin dituzte toki batzuetan, eta beste zenbait lekutan, panel berriak jarri dituzte.
Erdigunean eta auzoetan
Panel berriak non jarri erabakitzeko orduan, lehendik zeudenak kontutan hartu dituzte. Horrez gain, baina, herritarrek kartelak non itsasten zuten ere begiratu dute. Ondorioz, lehendik zeuden bost panelak aldatuko egingo dituzte eta beste zazpi berri jarriko dituzte. Kale zaharrean, Ibarrondon eta Kirrineko kantoietan zeuden panelak, adibidez, aldatu egin dituzte, eta berriak jarri dituzte Foruen plaza inguruan, Irizar loteria administrazioaren ondoan eta Sabadell-Guipuzoano banketxearen ondoan; Zubikoa kiroldegian, Santa Marina plazan dagoen Elkar Hezi ikastetxean, Lazarraga kaleko parkearen ondoan, San Lorentzo auzoan eta Olakuan, hango Super BM dendaren ondoan, zehazki.
Garbitzeko errazak
Panelak, erraz garbitu daitekeen materialarekin daude eginda. Orain arte erabili diren egur edo okumezko panelak baino errazago garbituko dira, horrela, berriak. Udaleko Zerbitzuen departamendua arduratuko da panelak aldiro aldiro garbitu eta mantenu egokia egiteaz.
Momentuz 12 gune jarri dituzte kartelak jartzeko, baina datorren urtean beste horrenbeste edo gehiago jartzea ez du baztertzen Udalak, beharrezkoa izanez gero. Honela, adierazpen libreko gune horiek erabiltzera animatu gura ditu Udalak herritarrak eta oro har, ekintza ezberdinak antolatu eta horren berri emateko kartelak jartzen dituzten guztiak. Udalak, zentzu horretan zorrotz jokatuko duela ere aurreratu dute udal teknikariek, paneletatik kanpo, paretetan itsatsitako kartelak kendu egingo dituztela gaineratuz.