18:35 aldera sartu zuten ertzainek Alberto Plazaola parrokiako sakristiara. Eta hilotza parrokiara sartu zutenean lehenengo jarlekura eraman zuten sakristiatik. Kanpoan herritar ugari elkartu zen, herrikideari babesa emateko. Ikurrinak, eta besteak beste, Euskal presoak Euskal Herrira dioten izarak eta Animo Aitto zioen pankartarekin animatu zuten herrikidea.
Poliziaz inguratuta
Hileta elizkizunen amaieran Plazaolak etxekoekin egoteko aukera izan zuen. Irteerarako, ertzainen bi furgoneta gerturatu zituzten parrokiara, eta poliziek hesi bat egin zuten herritarren eta furgoneten artean, Plazaola bertatik pasatzeko. Herritarrak oihuka hasi eta preso oñatiarra azaldu zenean txalokatu egin zuten.
Plazaola eraman ostean, udaletxe aurrean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek.
2026ra arte zigorra luzatuta
Alberto Plazaola Anduaga 1990eko azaroan atxilotu zuten Frantzian. 1996an estraditatu zuten eta harrez gero hamaika espetxetan egon da. Egun Galizian dago, etxetik 650 kilometrotara. Legearen arabera 2016an aske egon beharko luke, baina maiatzean Parot doktrina aplikatu zioten eta 2026ra arte luzatu diote espetxealdia.